09:04

Politika

Katalunia

Kataluniak jarritako helegitea atzera botako du gaur Konstituzionalak

Agentziak | Erredakzioa

Uztailean baliogabe utzi zuen Kataluniako Parlamentuko araudi aldaketa, urriaren 1ean Katalunian egin nahi duten erreferendumerako legea lehenbailehen onartu ahal izateko.

  • Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE

    Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Urriaren 1ean Katalunian egin nahi duten erreferendumerako legea lehenbailehen onartu ahal izateko Kataluniako Parlamentuak egindako araudi aldaketa baliogabetu ostean, Kataluniak jarritako helegitea atzera botako du gaur, asteazkena, Auzitegi Konstituzionalak.

Zehazki, 17:30ean egingo dute osoko bilkura. Kataluniako Parlamentuak erreferendumaren tramitazioa azkar onartzeko legea aldatu ostean, Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen, eta Konstituzionalak baliogabe utzi zuen araudi aldaketa hori. 2014ko azaroaren 9ko galdeketari begira emandako beste epai batean jurisprudentzia ezarri zela arrazoituta.

Orduan, helegite bakoitzeko probidentzia bat plazaratu zuen Konstituzionalak, arazoaren mamia aztertu gabe helegiteak onartzeko baldintzak betetzen zirela egiaztatzera mugatu zela azpimarratuz.

Joan den uztailaren 31n, Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak bertan behera utzi du urriaren 1eko erreferenduma prozesu azkar baten bidez onartzeko xedearekin Kataluniako Parlamentuak egindako arau aldaketa, Mariano Rajoyren Gobernuak horren kontrako helegitea aurkeztu ondoren.

Gainera, Parlamentuko Mahaia osatzen duten kideak ohartarazi zituen, eta agindua betetzen ez badute izan ditzaketen balizko erantzukizunen berri eman zien, espetxe-zigorrak barne. Lau egun geroago, abuztuaren 3an, Generalitateak erregu errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Gobernuak "zuzenbide abusua" egin zuela iritzita.

Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak Kataluniaren inguruan hartzen duen erabakiak eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren plenoaren ohiko lehen bilerak bat egingo dute bihar. Dena dela, eguneko gai-zerrendan ez da ageri Erreferendum Legea tramitatzeko aipamenik, aurreikusita zegoen bezala.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak 10:00etarako deitu ditu Parlamentuko Mahaia osatzen duten kideak. Alabaina, osoko bilkuran ez dute urriaren 1ean Katalunian egin nahi duten erreferendumerako legearen inguruan hitz egingo.

Bihar arratsaldean Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egingo du Bartzelonako El Prat aireportuko langileen egoera aztertzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena