Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Agentziak | Erredakzioa
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren ustez, Ernairen protestak "txarrak" dira, eta gazte antolakundeari zer asmo duen argitzeko eskatu dio.
Albisteak (4)
Turismoaren auzian "errespetuz eta tentuz" jokatzeko deia egin du gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Horren ustez, "eztabaida albo batera utzi eta gauzak ondo egiten jarraitu behar dugu".
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, Euskadi "beti izan da oso herri irekia", eta irudi hori desitxuratu nahi izatea egotzi dio Ernairi, ezker abertzalearen gazte antolakundeari.
EAEko erakundeek sustatutako turismo ereduaren kontra Ernaik abiatutako kanpaina (manifestazioak eta elkarretaratzeak deitu ditu eta pintadak egin) ahotan hartu du gaurkoan Tapiak. Atzo bertan, Basquetourrek Bilbon duen egoitzan egin zituzten pintadak Ernaiko kideek.
Tapiaren aburuz, Ernairen "eraso" hauek "txarrak" dira. "Herri bezala ez du ordezkatzen hemen gertatzen dena. Nik uste dut gure hiriburuak, gure jendeak, orokorrean, pozik daudela kanpoko jendea etortzen delako bisita egitera, gure hizkuntza, gure kultura eta gastronomia ezagutzera. Gu ezagutzera dator jendea", nabarmendu du.
Ildo horretan, turismo ereduaren inguruko eztabaida "albo batera uzteko eta gauzak ondo egiten jarraitzeko" deia egin du. Sailburuak gogorarazi duenez, turismoa industriarekin eta ekonomia jarduerarekin lotuta dago, izan ere, "jende asko" kongresuetara etortzen da, eta "euren familiekin bueltatzen da" gero.
Tapiak uste du Ernai gauzak "nahasten" ari dela. "Eurek azaldu behar dute zergatik ari diren horrela, eta zergatik une honetan", erantsi du. "Gure herrian hainbat eta hainbat pertsona ari dira turismoaren inguruan lanean, ondo lanean: prestatzen, hobetzen, profesionalizatzen, kalitatea bermatzen eta lanpostuak sortzen. Eta horiei errespetua zor diegu gutxienez", gaineratu du.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen adierazpenei buruz galdetu diotenean (erasoak dinamika egokiak ez zirela esan zuen), Tapiak esan du ezker abertzaleak eta Ernaik azaldu beharko dutela "turismoaren aferan non dauden".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa