18:18

Politika

Katalunia

Erreferenduma azkar onartzeko araudia aldatu du Kataluniako Parlamentuak

Agentziak | Erredakzioa

Junts pel Sik (JxSi), CUPek eta Germa Gordo diputatuak emandako aldeko botoekin onartu dute proposamena (72 boto guztira). Gainerako alderdi politikoek kontra bozkatu dute (63 boto).

  • Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EiTB

    Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Urriaren 1ean Katalunian egin nahi duten erreferendumerako legea lehenbailehen onartu ahal izateko, araudia aldatu du asteazken honetan Kataluniako Parlamentuak, Junts pel Si (JxSi) eta CUPen aldeko botoekin. Horrela, legeak premiaz onartzeko nahikoa izango da irakurketa bakarra egitea, eta ez da beharrezkoa izango Parlamentuan eztabaidarik egitea.

Junts Pel Sik, CUPek eta Germa Gordo Justizia kontseilari ohiak bozkatu dute proposamen horren alde, eta gainerako alderdi politikoak (Ciudadanos, PSC, Catalunya Si Que Es Pot eta PPC) kontra agertu dira. Ondorioz, aldeko 72 boto eta kontrako 63 jaso ditu araudia aldatzeko egitasmoak.

Orain arte, Gobernuak besterik ez zuen irakurraldi bakarrean legeak onartzeko aukera. Dena dela, Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiak ados jartzea lortzen bazuten, premiazko bidea erabilita onar zezaketen lege hori.

Asteazken honetan onartutako aldaketari esker, legeak soilik irakurraldi bakarrarekin onartzeko aukera izango dute JxSik eta CUPek. Hala, gainerako talde parlamentarioek kontra bozkatzen duten arren, egun bakarrean, eztabaida bakarra eginda, legea aurrera ateratzeko aukera izango dute.

Oposizioaren arabera, bi alderdiek bide hori erabili nahi dute Espainiako Gobernuak independentziari buruzko galdeketarako legeak bertan behera uzteko aukera gutxiago izan dezan.

Ildo horretatik, erreferenduma egin eta independentzia lortzeko asmoz egindako aldaketa bat dela azpimarratu du Anna Gabriel CUPeko diputatuak. Horren iritziz, “Espainiak ez badu autodeterminaziorako eskubidea onartzen, araudia aldatu behar da, eta aldatu ezin bada, gainezka egin behar da”.

Bestalde, Roger Torrenten (JxSi) esanetan, gaur egindako aldaketaren aurka agertu direnak urriaren 1ean egin nahi duten galdeketaren aurka dauden alderdi berak dira. “Hautetsontziak jartzeko beharrezkoa dena egingo dugu”, esan du.

Rajoyk Estatu Kontseilura jo du

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Kataluniako Parlamentuaren erabakia ikertzea eskatu dio Estatu Kontseiluari.

Erantzuna eskuan duenean, Kataluniako Ganberari nola erantzun erabakiko du agintariak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena