13:45

Politika

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Kataluniako Gobernuak auzitegietara eramango du FLAren gaineko 'mehatxua'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorenera eta Konstituzionalera eramateko asmoa dauka auzia, baita 'nazioarteko instantzietara' ere.

1:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak astearte honetan jakitera eman duenez, auzitegietara eramateko asmoa dauka Likidezia Funts Autonomikotik (FLA) Kataluniak jasotzen duen dirua eteteari buruz Espainiako Gobernuak egindako "mehatxua". Horrenbestez, Kataluniako Gobernuak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean zein Auzitegi Konstituzionalean, eta auzia "nazioarteko instantzietan" aurkezteko asmoa ere badauka.

Hala adierazi du Junquerasek Gobernuaren Kontseilu Betearazlearen bilera izan ostean.

Modu horretan erantzun dio Kataluniako Gobernuak joan zen ostiralean Rajoyren Exekutiboak egin zion ohartarazpenari. Izan ere, ohartarazpen horren arabera, Kataluniako Gobernuak urriaren 1eko galdeketarako dirua jartzen duen ala ez egiaztatuko du astero Espainiako Gobernuak, eta, hori gertatuko balitz, Kataluniari Likidezia Funts Autonomikotik jasotzen duen dirua kenduko lioke.

Generalitateko hornitzaileei eta herritarrei kalte egin nahi izatea leporatu dio Madrilgo Gobernuari Junquerasek, eta, adierazi duenez, ohartarazpen horiek ez dute inola ere erreferenduma egitea oztopatuko: "Agerikoa da ez dugula galdeketarik egingo FLAko baliabideak erabilita".

Halaber, Kataluniako presidenteordeak esan du ez diola emango Espainiako Gobernuari Generalitateko finantzak ikuskatuko dituzten langile publikoen zerrenda, "Kataluniako Gobernuko kideak baitira edozein informazio eskaera ziurtatuko dutenak", erantsi du.

Defentsa judiziala bermatzeko neurriak

Beste alde batetik, Katalunian martxan jarritako prozesu soberanistan nolabaiteko lotura izateagatik auzipetu ditzaketen aholkulariei, goi kargudunei eta langile publikoei defentsa judiziala bermatzeko neurriak hartuko dituela jakinarazi du Kataluniako Gobernuak.

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak Gobernu Bileraren ostean egindako agerraldian ziurtatu duenez, lanpostu publikoak dituzten beharginak ez dituzte "bakarrik" utziko prozesu soberanistagatik jarri ditzaketen "kereila arbitrarioen aurrean". Ildo horretatik, langileei babesa emango diela esan du.

Akordio horrek aholkulariak, goi kargudunak eta langile publikoak hartzen ditu kontuan, tartean Meritxell Borras, galdeketa egiteko hautestontziak erostea leporatuta auzipetuta dagoena.

Aldaketak Kulturan

Bestalde, Kataluniako Gobernuak Maria Dolors Portus izendatu du Kultura Saileko idazkari nagusi gisa, Xavier Gilberten ordez. Gilbertek kargua utzi du duela gutxi hautatua izan eta gero.

Kultura Sailan egindako ordezkapen hori orain dela gutxi Hezkuntzan egindako beste batzuei gehitu behar zaie.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena