Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Puigdemontek nabarmendu duenez, Konstituzionalak erreferenduma debekatzen badu, "ezikusiarena" egingo du, baita Auzitegiak bere kargutik kentzen badu ere.
Albisteak (3)
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Le Figaro egunkari frantsesari eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Kataluniako Gobernuak bere asmoei eutsiko die, eta erreferenduma egin egingo du, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak debekatu.
"Herritarrekin eta Kataluniako Parlamentuarekin dugun konpromisoa argia da: gure aldarrikapenak boto-kutxekin argitu behar ditugu. Debekuek eta mehatxuek ezingo dute eragotzi katalanek euren etorkizuna modu demokratikoan erabakitzea", adierazi du.
Puigdemonten arabera, Konstituzionalak erreferenduma debekatzen badu, "ezikusiarena" egingo du, baita Auzitegiak kargutik kentzen badu ere. "Ez dut erabaki hori onartuko. Kataluniako Parlamentuak bakarrik kargugabetu nazake", erantsi du.
Kataluniako presidentearen esanetan, "Kataluniako herritarren gehiengo handi batek botoa eman nahi du. Borondate hori ez da desagertuko ni kargutik kenduta. Ez dago botererik urriaren 1eko hautesleku erraldoia itxiko duenik".
Erreferendumean baietzak irabazten badu, emaitzak baieztatutakoan, "Katalunia estatu independentea dela aldarrikatuko dugu, eta erabateko independentziara igarotzeko trantsizio epe batean sartuko gara", azaldu du Puigdemontek.
Ondoren, "epe hori bukatzeko hauteskunde konstituziogileak deituko ditugu, Konstituzioa idatziko dugu eta erreferendumaren emaitza berretsiko dugu. Kataluniak estatu independente moduan jardungo du, baina trantsizio epe hori bukatuta izango da", azaldu du.
Hauteskunde autonomikoetarako materiala
Bestalde, Kataluniako Gobernuaren Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza Kontseilaritzak hauteskunde autonomikoetarako materiala erosi du, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE, gaztelaniazko sigletan) gaur jaso duenez.
897.000 euroko kontratua da formalizatutakoa, lau ataletan banatua: bat, gutun-azaletarako; beste bat, boto-paperetarako; hirugarren bat, hauteskunde mahaietako kideek jarraitu beharreko jarraibide liburuxketarako; eta laugarren bat, hauteskundeetako inprimakietarako.
Martxoan hasi ziren kontratua lizitatzen, eta ez du urriaren 1erako erreferendumarekin zerikusirik, Kataluniako Gobernuak orduan adierazi zuenez.
Bidaia orri subiranistaren arabera, erreferendumaren ostean, hauteskundeak deituko ditu Gobernuak: ezetzak irabazten badu, berehala izango dira; baietza gailentzen bada, horiek egin eta hilabete batzuetara.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa