Politika
Bilera Gasteizen
Urkullu eta Sanchez, 'plurinazionaltasuna' jorratuko duen ereduaren alde
Agentziak | Erredakzioa
PSOEko idazkari nagusia Iñigo Urkullurekin bildu da Gasteizen. Bilera horretan izan dira Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Idoia Mendia PSE-EEko burua ere.
Iñigo Urkullu lehendakariaren, Andoni Ortuzar EBBko presidentearen, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren eta Idoia Mendia PSE-EEko buruaren arabera, "Estatu ereduari buruzko hausnarketa partekatu eta lasaia egin behar da, Estatuaren plurinazionaltasunean sakonduko duen lurralde egitura berri bat emaitzatzat izango duena".
Aipatu laurek bi ordu iraun duen bilera izan dute ostegun honetan Gasteizen, Lehendakaritzan. Bilera horren bukaeran EAJ eta PSEk osatzen duten koaliziozko Gobernuari buruzko "balorazio positiboa" egin dute. Horrez gain, PSOEk bere gain hartu du alderdi horiek biek beren gobernu-programan hartutako konpromisoak Madrilen defendatzeko ardura, baita testuan jasota dauden eta oraindik jasotzeke dauden eskuduntzak ere.
Harreman "oparoa"
Lehendakaritzara sartu aurretik Sanchezek esan duenaren arabera, Urkullurekin biltzeko arrazoia da PSOEren buru izan zeneko aurreko etapan lehendakariarekin zeukan komunikazio "oparoa" berriro martxan jartzea, baita EAJren babesa lortzea ere, PSOEri laguntza eman diezaion Kongresuan azpibatzorde bat irekitzeko asmoan, Konstituzioa erreformatze aldera.
Erreforma horrekin sozialistek Estatu eredu berri bat sendotu nahi dute, "Espainia nazioz osatutako nazioa" dela jasoko duena, "Espainiari egonkortasun politikoa emateko asmoz".
Bilera bukatu ostean Lehendakaritza eta PSOE bat etorri dira Estatu ereduari buruzko "hausnarketa partekatu eta lasaia" egitearekin, zeinaren emaitza "Estatuaren plurinazionaltasunean sakonduko duen lurralde egitura berria" izango den.
EAJko iturriek zehaztu dutenez, Estatu eredu berri bat erdiesteko eztabaidari ekitea alderdi horren aldarrikapen historikoa da, baina ohartarazi dute zuhurtziaz jokatuko dutela, ez baitaude ziur hori lortzeko bide egokiena Konstituzioa erreformatzea ote den; alabaina, aukera hori ez dutela guztiz baztertzen gaineratu dute.
EAJren esanetan, Estatu eredu berri bati buruzko eztabaida irekitzea da lehentasuna, eta Konstituzioaren erreforma aurretiaz adostutakoa jasoko lukeen "tresna" litzateke. Horrez gain, Sanchezek Kongresuan azpibatzorde bat eratzeko babesik ez diela eskatu argitu dute.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitzartutako Kupoaren Legeari dagokionez, EAJko iturriek azaldu dute PSOEko buruak ez diela baieztatu bere taldeak akordio horren alde bozkatuko ote duen Kongresuan; dena dela, babestuko egingo duela sinetsita daude.
Topaketan espetxe-politikaz ere mintzatu dira, eta guztiek uste dute legeak ematen dituen aukeren barruan ETAko presoen gizarteratzeari heldu behar zaiola, "gizartearen egoerarekin bat datorren era batean".
"Balorazio positiboa"
Azkenik laurek jo dute positibotzat EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koaliziozko gobernua, akordio horretan jasotako helburuak betetzen ari direla uste baitute, eta "Euskadiko egoera ekonomikoa eta politikoa positiboa" dela uste baitute.
Halaber, "politika publikoak indartzea" beharrezkoa dela irizten diote, batez ere osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte babesaren alorretan.
aren alorretan.