Politika
Altsasu auzia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak egindako espetxe zigor eskaeraren ondorioz, "beldurtuta eta babesgabe" sentitu direla salatu dute.
Altsasuko auzipetuen gurasoek eskainitako prentsaurrekoa. EFE
Urriaren 15ean Altsasuko (Nafarroa) taberna batean bi guardia zibilekin eta horien bikotekideekin liskarra izan zuten gazteen senideek "beldurra, kezka, babesgabetasuna eta mesfidantza" agertu dute, Fiskaltzak zortzi auzipetuen aurka egindako zigor eskaeraren ondorioz.
Ministerio Publikoak 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen atzo gazteon aurka, lesio terroristak eta mehatxu terroristak egitea egotzita.
Horren ildotik, auzipetuen senideek salatu dute espetxe eskaerak "areagotu" egin dituela "mina eta kezkak", eta terrorismo delituak egoztea "neurrigabea" dela nabarmendu dute.
"Askoz larriagoak diren hainbat delituren kasuetan (homizidioak, taldekako bortxaketak, genero indarkeria eta haurren hilketak aipatu dituzte) zigor askoz txikiagoak ezarri dituzte", gogorarazi dute, Altsasun eskainitako prentsaurreko batean.
Kasu honetan, terrorismo delitua "hedatu" dutela eta, horrela, "legaltasuna eta bidezko epaiketa bat izateko eskubidea urratu" direla salatu dute.
Gazteen senideek azaldu dutenez, euren helburua ez da "inpunitatea" eskatzea, baizik eta erakundeek eta gizarteak defendatzea "errugabetasun presuntzioa eta berme guztiak dituen epaiketa bat egiteko, legearen erabilera injustua ez egiteko eta proportzionaltasunerako eskubideak".
"Laburbilduz, Zuzenbide Estatuaren printzipioak eta kalitate demokratikoa defendatzea eskatzen dugu", azpimarratu dute.
Senideen esanetan, euren "seme-alaben eta familien etorkizuna" ez ezik, "gizartearen babesa" ere jokoan dagoela ohartarazi dute, legea "bidegabe" erabiltzen ari baitira. "Kalitate demokratikoa, giza eskubideak eta justizia daude jokoan", gaineratu dute.
Testuinguru honetan, auzipetuen senideek babesa eskatu diete "Fiskaltzaren eskaera neurrigabearekin suminduta daudenei", eta uztailaren 7an Altsasun eta 14an Iruñean egitekoak diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Halaber, Altsasu Gurasoak plataformaren adierazpena sinatzea ere eskatu dute. Orain arte, 20.000 pertsonak baino gehiagok egin dute.
Alderdiei dagokienez, "pribatuan" auziaren norabidearekin ados ez daudela esan dieten politikariei iritzi hori publiko egiteko deia egin diete.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa