Politika
Elkarrizketa ETB-n
Polizia gehiegikerien biktimak aitortzea eskatu dio Urkulluk Rajoyri
eitb.eus
Bestalde, lehendakariak esan du "beharrezkoa" izango dela "zergak berrikustea" azken hiru urteetako datuak aztertu ostean, baina pertsonak zigortu gabe.
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, gutuna idatzi zion atzo, osteguna, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, polizia gehiegikerien biktimei errekonozimendurako proiektua ez doala "inoren kontra" adierazteko eta biktima horiek aitortzea eskatzeko. Gutunean, Urkulluk 1960 eta 1978 arteko "biktimen konponketaren garrantzia" goraipatu du.
Xabier Garcia Ramsdenek ETB2ko Teleberrin egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok lehendakariak.
Poliziaren gehiegikerien biktimen Legearen inguruan, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen maiatzaren 10ean 1978 eta 1999 arteko biktima polizialen lege horren aurka.
Lehendakariak astelehen honetan bertan jaso du 1960tik 1978ra "polizia indarkeria gehiegikeriaz edo zilegitasunik gabe" erabili zutenen 187 biktimei buruzko txostena.
Urkulluren ustez, "oso gai sentsiblea" da hori Jaurlaritzarentzat, eta horregatik helarazi dio txostena Rajoyri. Haren esanetan, txosten hori oinarri egokia da Espainiako Gobernuaren helegiteari aurre egiteko.
Zergak berrikustea, "beharrezkoa"
Bestalde, lehendakariak esan du "beharrezkoa" izango dela "zergak berrikustea" azken hiru urteetako datuak aztertu ostean, baina argi adierazi du ez dutela pertsonak zigortuko dituen erreformarik proposatuko.
Elkarrizketan lehendakariak azaldu duenez, balizko zerga berrikuspenaren helburua "politika sozialak, oinarrizko zerbitzuak, eskaintzeko gaitasuna eta sustapen ekonomikoa uztartzea da".
Dena dela, azpimarratu du "Euskadiko zerga politika oso progresiboa" dela, eta "erreformatik aterako denak" ez dituela "pertsonak zigortuko".
Ituna PPrekin
Urkulluk berretsi du PPren Espainiako Gobernuarekin egindako ituna "euskal gizarte osoaren mesederako" egin dutela, eta EAJk "Espainiako Gobernuan dagoenarekin" egiten dituela itunak. Argi adierazi du akordioak onurak ekarriko dizkiola euskal gizarteari, bere agenda politikoa jarri duelako bertan, eta PPk akordioan onartu egin duelako hori.
"Aldebikotasuna" defendatu du, bai PPrekin, bai "Espainiako Gobernuan dagoenarekin".
Transferentziak
Bestalde, eskumenei dagokienez, lehendakariak esan du ez diotela uko egiten "estatutua osorik betetzeari". Horren harira, irailean "emateke dauden eskumenen egoeraren inguruko txostena" aurkeztuko omen dute Eusko Legebiltzarrean.
Hala ere, EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu programan lehentasuna eman omen zieten espetxeei eta gizarte segurantzari lotutako eskumenei.
Kataluniako Erreferenduma
Erabakitzeko eskubidearen eta Carles Puigdemont Kataluniako presidentearekin izandako bileraren inguruan galdetuta, azpimarratu du gauza bik batzen dituztela: "Estatuak nazionalitate ezberdinak aitortzeko beharrak, eta herritarrek, adostutako modu batean, kontsultatuak izateko duten eskubideak".
Argi adierazi du berak "euskal bidea" defendatzen duela, eta hori Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean oinarritzen dela.
Presoak
Kartzela politikari dagokionez, salatu du EH Bilduren buruak, Arnaldo Otegiri erreferentzia eginez, esan diola ez lukeela "iritzirik eman behar" gaiaren inguruan, baina beste batzuetan koaliziotik "jarrera proaktiboa" eskatzen zaiola.
"Beharrezkoa da aldaketa bat. Ekina naiz, bai Espainiako Gobernuaren bai PPren aurrean. Presoen eskubideetan sinesten dut, baita bere senideen eskubideetan ere. Gerturatzearen alde nago, kartzela onurak izatearen alde ere bai, baina pausoak eman behar dituzte", azaldu du.
Sindikatuak
Lehendakariarentzat ez dira "batere zentzuzkoak" Hezkuntzako sindikatuek eskola publikoan greba deitzeko eman dituzten arrazoiak, izan ere, irakasleen lan baldintzak "oso onak" omen dira, "ordutegi, soldata eta oporraldi aldetik".
"Irakasleriaren baldintzak oso onak dira, eta Estatu mailako soldata handienak dituzte", berretsi du.
Langabezia
Urkulluk uste du ekonomikoki EAE "berpizkunde aroan" dagoela, eta Eusko Jaurlaritza "enpleguaren sorkuntzan laguntzen" ari dela. Azpimarratu du afiliatu kopurua 55.000 pertsonetan hazi dela 2013tik, baina aitortu ere egin du "kezkatuta" daudela langileek dituzten "lan baldintzengatik eta prekarietateagatik".
Hala, jakinarazi du Enplegu Sailak ikuskapenak egin dituela, 1.500 hain zuzen ere, behin behinekotasunari aurre egin eta hainbat kasutan "egonkortasuna" lortzeko.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta
Lehendakariak uste du gizarteak bat egiten duela bere proposamenarekin. Izan ere, "inola ere ez" da murrizketarik egon: "2013tik handitzen ari gara hezkuntza, osasun eta babes sozialeko aurrekontua".
Laguntza zehatzari dagokionez, azaldu du ezin duela "egiturazkoa edo kronikoa" izan, baizik eta "unean unekoa", "helburuak enplegua sortzea" izan behar baitu".