14:10

Politika

Espetxe politika

Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen presoa aske uzteko eskatu du Sortuk

Agentziak | Erredakzioa

Alderdi politiko horren esanetan, “Frantziako kartzeletan igarotako espetxealdia kontuan hartuz gero Gogorza joan den asteazkenetik egon beharko luke kalean”.

  • Artxiboko argazkia: EiTB

    Artxiboko argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen presoaren kasuan Espainiako Gobernua erakusten ari den “aurpegi ezin ankerragoa” salatu du larunbat honetan Sortuk. Alderdi politiko horren esanetan, Gogorza “kalean egon beharko luke”, alde batetik “gaixotasun larri bat” duelako, eta, bestetik, “Frantziako kartzeletan igarotako espetxealdia kontuan hartu” beharko lioketelako.

Oihana Garmendia Sortuko preso politikoen batzordeko bozeramailearen hitzetan, “lehenbailehen utzi behar zaio zigorrak bi aldiz zenbatzeari”. Ildo horretatik, Europako bi herrialdeetan egindako espetxealdiak “batu eta deskontatu” egin behar direla azpimarratu du.

Garmendiaren esanetan, “Gogorza joan den asteazkenetik egon beharko luke kalean”. Era berean, “beste hainbat euskal preso politikok bezalaxe”, Estrasburgoko Auzitegian helegitea tramitatu duela esan du Garmendiak. Hala, Gogorzak Frantzian egindako espetxealdia “batzeko” exijitu du.

Gauzak horrela, ez dutela “Europako araudia kontuan hartzen” nabarmendu du, “eta kalean egon beharko luketen presoak bahiturik izateaz gain, gaixorik daudenak ere espetxean mantentzen dituztela” gaineratu du Sortuko preso politikoen batzordeko bozeramaileak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena