16:28

Politika

Bakea eta normalizazioa

Presoei buruzko akordioa bilatzeko baldintzak badaudela dio Foro Sozialak

Agentziak | Erredakzioa

Foro Sozialak ondorioztatu du alderdi politiko eta sindikatu gehienak presoei buruz hitz egiteko prest daudela eta, beraz, presoen auzia konpontzeko ibilbide-orri bat adostea posible dela.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko eta sindikatu gehienek presoei buruzko "elkarrizketa transbertsal bat" abiarazteko baldintzak egon badaudela, "ibilbide-orri bat" adostu eta "arrazoizko epeetan" presoen auziari konponbide bat emateko.

Aitzpea Leizaola eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariek joan den maiatzean egin zuten bilera-sortaren emaitzak ezagutarazi dituzte gaur. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu guztiekin bildu dira. Nafarroan ere batzarrak egiten ari dira, baina fase hori amaitu gabe dago oraindik.

Bilera horien ondorioak Frantzia eta Espainiako kartzeletan sakabanatuta dauden euskal presoen bozeramaileei helarazi dizkiete. Horrez gain, bi estatuetako espetxe zuzendaritzekin biltzea eskatu dute.

Leizaolak eta Hernanek azaldu dutenez, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdiak (Eusko Legebiltzarraren % 88a) eta EAEko sindikatu guztiak  prest daude presoei buruz elkarrizketa bat abiarazteko eta akordioetara heltzeko.

Euskal Herriko gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko ahaleginean jarraitu beharra dagoela eta indarkeria mota guztien biktima guztiak aintzat hartu behar direla uste dute,"bizikidetza eraikitzeko eta berriro gertatuko ez dela bermatzeko".

Horrez gain, alderdiak eta sindikatuak bat datoz ETAren armagabetzearen ondotik sortutako testuinguru berria "aprobetxatu" egin behar dela esaterakoan.

Ildo horretan, espetxe-politika "egungo testuinguru politikora egokitu" egin behar dela ulertzen dute aipatu eragileek, "gaixotasun larriak dituzten presoen kasuak banaka eta ikuspuntu humanitariotik jorratuta eta sakabanaketa politikaren amaituta".

Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) egiten ari den eztabaidaren ondorioen zain dago Foro Sozial Iraunkorra. "Itun handi hori indartuko duela espero dugu", erantsi dute bozeramaileek.

Armagabetzearen eredua

Leizaolak eta Henanek esan dute alderdien eta sindikatuen arteko akordioa lortu behar dela orain, aurrerago, bigarren fase batean, "Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Ipar Euskal, presoak, iheslariak eta gizarte zibila bilduko dituen itun zabala" erdiesteko.

Aitortu dute prozesua zaila izango dela eta Euskal Herriko erakundeek nahiz eragileek ez dituztela Espainia eta Frantziako kartzeletako giltzak, ezta espetxe politikaren eskumena ere.

Alabaina, azpimarratu dute une honetan garrantzitsuena Euskal Herriko eragileen artean "ibilbide-orri bat adostea" dela.

"Hau guztia nola egin behar dugun adosten badugu, konbentzituta gaude orain mugiezina dena mugiaraztea lortuko dugula", nabarmendu eta armagabetzearen eredua jarri dute horren erakusgarri.

Foro Sozialaren ordezkariek Frantziako eta Espainiako gobernuek ETAren armagabetzean izan duten jarrera ekarri dute gogora: "2016ko abenduaren 16an Frantziako Poliziak atxiloketak egin zituen Luhuson; 2017ko apirilaren 8an, berriz, armagabetze prozesuan parte hartu zuen, gertatutakoaren garrantzia azpimarratuta; eta bitartean Espainiak ‘beste alde batera’ begiratu zuen, PPko eta Estatuko hainbat ahotsek hura galarazi zezala eskatzen zioten bitartean".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena