Politika
GURE ESKU DAGO
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako 24 herritan antolatu dituzte erabakitzeko eskubideari eta estatus politikoari buruzko galdeketak.
Albisteak (2)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak herri galdeketak antolatu ditu gaur, igandea, Nafarroako 24 herritan, erabakitzeko eskubideari eta estatus politikoari buruz. Parte-hartzea % 28,73koa izan da hauteslekuak itxi dituztenean, 20:00etan.
Honako herri hauetan egin dituzte galdeketak: Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Imotz, Basaburua, Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza, Lekunberri, Altsasu, Arbizu, Arruazu, Irañeta, Irurtzun, Lakuntza, Olazti, Urdiain eta Ziordia. Nafarroako 27.000 herritar etorkizunari buruzko iritzia ematera deituta daude.
2014. urtean Etxarri Aranatzen egin zuten Nafarroako lehen galdeketa, eta 2016. urtean izan zen bigarrena, Bakaikun.
Mahaiak zabaldu dituztenean, antolatzaileek honako hau nabarmendu dute: "Gaurko herri galdeketek esanahi berezia dute nafarrontzat. Nafarroa Garaiaren estatus politikoa zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Ukatu zitzaigun Foru Hobekuntza bozkatzeko aukera. Gaur, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasatu gara, sinistuz herritarron hitza aintzat hartzea eta hautetsontziak kalera ateratzea dela bidea, herri baten etorkizun politikoa erabakitzeko".
"Aukera hori herritarrok ireki dugu. Ahaldundu egin gara. Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinaduren bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu, atxikimendu anitzak bildu ditugu, mintegiak eta tailerrak egin ditugu galdera adosteko… prozesu parte-hartzaile eta bateratzailea egin dugu galdeketara iristeko, eta gaur, hamaika boluntarioren laguntzarekin, galdeketak egiten ari gara. Gaur, erabakitzen ari gara. Ilusio handiz, Nafarroan ere erabakiaren aroa zabaltzeko gogoz", azpimarratu dute.
Halaber, prozesua aberatsa izan dela azpimarratu dute, "eskualde eta herrietan adostutako galdera ezberdinek erakusten duten bezala". Galdera aukera ezberdinak jarri dituzte, eta bi kontzeptu nagusi ageri dira denetan: nafartasuna eta burujabetasuna.
Galderak
Angel Oiarbide plataformako bozeramaileak azaldu duenez, "galderek herri bakoitzaren errealitateari erantzungo diote".
Bortziriak eskualdeko galdera "Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?" izango da; Imotz-basaburuan, berriz, bi egingo dituzte: "Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizuna aske erabakitzea?" eta "Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko imoztarra/basaburutarra izan?".
Mendialdean, honako hau da galdera: "Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea?". Jarraian, erantzuna baiezkoa bada, beste bat proposatuko dute: "Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?"
Sakanan, galdera bana egingo dute herriz herri:
Altsasun: "Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?"
Arbizu: "Nahi duzu Nafarroak gainerako euskal lurraldeekin estatu bat eratzea?"
Irurtzun: "Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?" eta "Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko irurtzundarra izan?"
Lakuntza: "Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?"
Olatzagutia: "Nahi al duzu Nafarroa burujabe bateko herritarra izan?"
Urdiain: "Nahi al duzu herritarrok gure etorkizuna era librean erabakitzea?" eta "Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko Urdindarra izan?"
Erantzunei dagokienez, "bai, ez, txuria" izan daitezke. Goizeko 09:00etatik 20:00ak arte bozkatu ahal izango da.
Bozketan parte hartzeko 16 urte edo gehiago eduki beharko dira, nortasuna, adina eta bizitokia ziurtatzeaz gain. Antolatzaileek ez dute erroldarik erabiliko, baina sistema informatiko baten bidez egiaztatuko dute pertsona berak botoa bi aldiz ez ematea.
Gaurko herri galdeketek esanahi berezia dute nafarrontzat. Nafarroa Garaiaren estatus politikoa zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Ukatu zitzaigun Foru Hobekuntza bozkatzeko aukera. Gaur, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasatu gara, sinistuz herritarron hitza aintzat hartzea eta hautetsontziak kalera ateratzea dela bidea, herri baten etorkizun politikoa erabakitzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa