16:49

Politika

Nafarroa

LGTBI kolektiboaren berdintasunerako legea adostu du Foru Parlamentuak

Agentziak | Erredakzioa

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra taldeek alde botatu dute,  UPN abstenitu egin da eta PPNk aurkako boza eman du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako ParlamentuaLesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI+) berdintasun sozialari eta Nafarroako Foru Komunitatean sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatik diskriminatzearen aurkako politika publikoei buruzko Foru Legea onetsi du.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeek aldeko botoa eman dute, UPNk abstenitu egin da eta PPNk aurkako botoa eman du.

PSN talde parlamentarioak aurkeztutako foru lege horren xedea da "printzipioak, baliabideak eta neurriak ezartzea eta arautzea, LGTBI+ pertsonen eskubideak eta benetako berdintasun gauzatua erabat bermatzeko, bidea izanik sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero identitateagatiko diskriminazio ororen prebentzioa, zuzenketa eta deuseztapena, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen eskumenekoak diren esparru guztietan".

Zehazki, eremu zibila, lanekoa eta soziala, osasuna, hezkuntza, ekonomia, kultura, arlo publikoa eta instituzionala aipatzen dira. Eta, "edozein dela ere egoera administratibo edo pertsonala", bizitzako etapa eta gertakizun guztietara hedatzen da, benetako babesa bermatuz, berdintasunerako, ikusgarritasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea urratzera eraman dezaketen egoeren aurrean".

Testuinguru horretan, zeharkako diskriminazio positiboa sustatzeaz gain, eskubide-urraketaren "ordaina" bermatzen da, "historikoki bereizkeria jasan duten kolektiboentzako" konpentsazio eta aitortza ekintzak abiaraziko direla agintzen da.

Xede horrekin, "aniztasuna balio erantsi gisa" onartzean oinarritutako aldarrikapenaren aitorpen sozial eta politikoan aurrera egiteko, zenbait baldintza ezartzen dira LGTBI+ pertsonek eta taldeek bizitza sozialeko eta instituzionaleko arlo guztietan parte hartzea eta ordezkaritza izatea errazteko, betiere jokaera fobikoen "prebentzioaren eta antzemate goiztiarraren ikuspuntutik". Nafarroako administrazio publikoek eta Arartekoek horretan lagunduko dute, eta "ofizioz jardun ahal izanen dute, salaketarik jaso behar izan gabe".

Ugalketaren eta genitalen esparruan, bermatuta egonen da ugalketa lagunduko teknikak erabiltzea, eta horien onuradun izanen dira haurdun gelditzeko gaitasuna duten LGTBI+ pertsona guztiak edo/eta haien bikotekideak. Gonaden ehuna eta ugalketarako zelulak izozteko aukera eskainiko zaie tratamendu hormonalak hartzen dituzten transexualei, eta, era berean, arreta urologiko edo/eta ginekologikoa bermatuko da.

Hezkuntzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatuko du bere gradu eta masterren ikasketa-planetan eduki berariazko eta egokiak sartzea, sexu- eta genero-bestelakotasunaren arloa lantzeko.

Legearen alde Virginia Aleman (Geroa Bai) aritu da. "Lege eraldatzailea" dela esan du, eta "historikoki urratu diren oinarrizko eskubideak" aitortzen dituela. Bakartxo Ruizek (EH Bildu) LGTBI+ kolektiboekin batera egin den "prozesu aberasgarriak lege on hau" sortu duela balioetsi du.

Teresa Saez (Podemos) ere pozik agertu da gaur onartutakoaz; izan ere, "lan neketsu" baten ondoren egin da, eta lan horrek ahalbidetu du lege hau ez izatea beste batzuen kopia hutsa, baizik eta kontuan izan ditu egindako ekarpenak".

Nuria Medina sozialistaren aburuz, gaur adostutako "dokumentu handinahaiak pertsona ororen eskubideen abangoardian kokatzen du Nafarroa".

Marisa De Simonen (I-E) esanetan gaurkoa "egun handia" da, uste baitu onartutako legeak parte-hartzean aurrerapausoak ematen dituela eta "gizarte garapenerako eredu inklusiboago" baten alde egiten duela.

UPNtik, berriz, Ana San Martinek hitz egin du. Bere esanetan, ezin dakieke bizkarrik eman berdintasunari eta eskubideei, baina onartutako legean beste kolektibo batzuenganako "diskriminazioak eta urraketak" egiten direla irizten dio, eta uste du legeak "asko" duela hobetzeko.

Azkenik, PPNko Ana Beltranek adierazi duenez, "lege ideologiko hori" errefusatu izanak ez du esan nahi LGTBI pertsonen aurkako boza denik, baina gaitzetsi egin du beste batzuen diskriminazioa dakarrela gaineratu du. Azaldu duenaren arabera, ez du beharrizanik ikusten "berariazko araudi esku-hartzaile bat egoteko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena