08:25

Politika

KONGRESUA

'Jarrerak hurbiltzeko borondatea' agertu dute Urizarrek eta Ramirezek

AGENTZIAK | ERRDAKZIOA

Urizarrek eta Ramirezek aurkeztu dituzte hautagaitzak, idazkari nagusi izateko. EH Bilduren egitura berriak eta EAk izan beharko lukeen parte hartzeak eragin du eztabaida alderdiaren barruan.

1:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Alkartasunak alderdiaren etorkizuna erabakiko du gaur eta bihar, Donostian egiten ari diren hamabigarren kongresuan. 308 konpromisariok hartuko dute parte bozketan eta alderdikideek adi jarraituko dute emaitza.

Bilera goizean abiatu dute, Donostian, EHUko Ignacio Maria Barriola eraikinean. Alderdiko idazkari nagusi izateko bi hautagaiak bertan daude.

Batetik, berriz aukeratua izan eta hirugarren agintaldi bati aurre egiteko asmoz aurkeztu da Pello Urizar. Bestetik, Maiorga Ramirez parlamentari nafarrak ere aurkeztu du hautagaitza, EH Bilduren berregituraketa errezeloz ikusten duen sektore kritikoaren izenean.

Kongresua hasi eta berehala, Urizarrek eta Ramirezek jarrerak hurbiltzeko borondatea agertu dute. Urizarren esanetan, bi aldeak hitz egiten ari dira, adostasunak bilatzeko. Zubiak eraikitzearen aldeko konpromisoa berretsi du egungo idazkari nagusiak, akordio ahalik eta zabalena lortzeko. Bere hitzetan, azken uneraino hitz egiten jarraituko dute. "Egia da dagoeneko ordu gutxi geratzen direla, baina gure etxean ohikoa da zubiak azken unera arte zabalik izatea", esan du.

Aldi berean, oraingo honetan "agian" alderdiaren barruan izan den eztabaida beste batzuetan baino "sakonagoa" izan dela iritzi dio; izan ere, eztabaidagai nagusienetako bat izan da "EH Bildu barruan EAren parte hartzeko era eta hari egin behar dion ekarpena zein izan behar duten".

"Eztabaida bizia izan da, eta asteburu honetan tokatzen zaiguna da ahalik eta adostasun handienetara iristea, helburu nagusiena hamabigarren biltzarretik EA indarberrituta ateratzea izan behar delako", azaldu du.

Ramirezen iritzian ere, badago akordiorako aukera. "Sintesia posible da, bi aldeek horretarako borondatea baldin badute. Gurea agerikoa da", esan du.

Parlamentari nafarra sinetsita agertu da EAk "asko" duela EH Bilduri emateko, eta, aldi berean, koalizio abertzaleak "aniztasunaren aldeko apustu irmoa" egin behar duela iritz dio.

Ramirezen aburuz, EA "elkartuagoa" aterako da asteburu honetako biltzarretik, eta uste du EH Bilduri egingo dion ekarpena erabakigarria izango dela zehaztutako helburuak lortzeko: "independentzia" eta " gizarte eskubideak" pertsona guztientzat bermatuta egotea.

"Bihar ikusiko da nola dauden indarrak, baina guretzat garrantzitsuena argudioen aberastasuna da", azpimarratu du.

EH Bilduren berregituraketa

Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba alderdiek osatzen duten EH Bildu koalizioa berregituratzeko prozesuak gatazka eragin du EAn; hori dela eta, Alkartasuna 2017 talde kritikoa osatu dute, Ramirez buru dutela. Alderdiaren presidente izandako lau politikarik egin dute bat korronte horrekin: Manuel Ibarrondo, Koldo Amezketa, Unai Ziarreta eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia eta EAren sortzaileetako bat. Politikaren lehen lerrora itzuli da Garaikoetxea, kritikoei babesa adierazteko.

Beste hainbat buruzagi historiko ere bildu ditu Alkartasuna 2017 hautagaitzak: Rafael Larreina parlamentari eta diputatu ohia, kasu. Larreinaren aburuz, EH Bilduren berregituraketak EA ezerezean utziko du eta koalizioaren kontrola Sortuk bereganatuko du, oinarri gehien duen alderdia baita.

Pello Urizarrek, ordea, koalizioaren egituraketan aurrera egiteko beharra defendatu du, lau alderdiek adostutako baldintzetan. EH Bilduren sortzaileetako bat izan zen Urizar. Koalizioa martxan jarri zuten lau alderdietako kideak ez diren pertsonei atera ireki behar zaiela uste du.

Egungo zuzendaritzako hainbat kidek babesa erakutsi diote Urizarri: Mariano Alava, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohia eta Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu izandakoa, besteak beste.

308 konpromisario

Ateak itxita egiten ari diren EAren XII. biltzarraren lehen egunean, 308 konpromisarioak politika eta estatutuei buruzko bi txostenei aurkeztutako zuzenketak eztabaidatzen ari dira.

Igandean, berriz, bi txostenak bozkatzeaz gain, idazkari nagusi berria, zuzendaritza eta alderdiaren Batzar Nazionalaren zati bat hautatuko dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena