Politika
Eusko Legebiltzarra
Agentziak | Erredakzioa
Ondarroako presoak hiesa du, eta ospitalean dago pneumonia atzeman baitiote berriki.
Eusko Legebiltzarreko talde guztiak, PP salbu, larri gaixo dagoen Ibon Iparragirre euskal presoa aske uztearen alde azaldu dira agiri batean.
EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk babestu dute dokumentua, baina Alderdi Popularrak sinatu ez duenez, ezin izan du Legebiltzarreko adierazpen instituzional modura aurrera egin.
Alderdi Popularreko iturriek esan dutenez, taldeek ez diete agiria helarazi ere egin. Dena dela, jasota ere, onartuko ez luketela berretsi dute, erabakia epaileei baitagokie.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak PPren jarrera gaitzetsi du: "Onartezina da Alderdi Popularra ezin heltzea gainerako talde guztiok heldu garen adostasun hau babestera. Legalitate eta humanitate ikuspegian egiten den planteamendu honetara ez heltzea onartezina da, nire ikuspegitik".
Arzuagak nabarmendu duenez, PP ez beste alderdiek Iparragirre eta gaixotasun larria duten gainerako presoak aske uztea babestu dute, indarrean dagoen lege eta nazioarteko araudia aintzat hartuta.
Lau taldeek sinatutako testuan diotenez, ez dute nahi gaixo dauden presoak "Espetxe Zuzendaritzaren erantzukizunpean hiltzea". Tankerakoek ez diote bizikidetzari mesederik egiten, "inondik inora", eta "sufrimendua eta atsekabea elikatzen dute".
Ibon Iparragirrek hiesa du, eta ospitalean dago berriki pneumonia atzeman baitiote.
Kongresuan ere, ekimen bateratua
Iparragirreren osasun egoerarekin kezkatuta, ERCk, EAJk, Compromisek eta EH Bilduk antzeko ekimena jarri dute martxan Diputatuen Kongresuan. Juan Ignacio Zoido Barne ministroaren agerraldia eskatu dute taldeok, larri gaixo dagoen presoa askatzeko aukeraz galdetzeko.
Joan Tardak (ERC), Aitor Estebanek (EAJ), Joan Baldovik (Compromis) eta Marian Beitialarrangoitiak (EH Bildu) erregistratu dute eskaera.
Testuan diotenez, Iparragirrek "hiesa du, eta beste eritasunen artean, defentsak oso baxu ditu. Asteon erietxera eraman behar izan dute, pneumoniak jota. Berez ez da gaixotasun larria, baina kasu honetan heriotza eragin dezake".
Egoera horren aurrean azalpenak eskatu nahi dizkiote Zoido ministroari, batez ere "zer egin asmo duen sendabiderik ez duen gaixotasun bat duen preso baten eskubideak bermatzeko". Horrez gain, ERCk, Compromisek eta EH Bilduk ministroari egiteko sei galdera ere erregistratu dituzte.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa