Politika
IBILALDIA
Hezkuntza ez dela tresna politikotzat hartu behar esan du Cristina Uriartek
Agentziak | Erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Ibilaldia 2017 jaiaren irekiera ekitaldian hartu du parte. Mungiako Larramendi Ikastolak antolatu du aurtengo festa.
-
Cristina Uriartek Ibilaldiaren aurkezpen ekitaldian hartu du parte. EiTB
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren iritziz, "hezkuntza ezin da tresna politiko gisa hartu, batu egin behar gaitu". Ondoren, ebaluazioaren eta ebaluatzeko sistemaren garrantzia azpimarratu du.
Ibilaldia 2017 jaiaren irekiera ekitaldian hartu du parte Uriartek gaur goizean. Mungiako Larramendi ikastolak antolatu du aurten festa, 'Egunero alkarregaz' lelopean.
Cristina Uriartek ebaluatzeko berezko sistema ez ezik, ebaluazioaren garrantzia nabarmendu du, ebaluazioen helburua sistema hobetzea delako.
Sailburuaren esanetan, guztion artean burutu beharreko lana da, erabilgarria delako hala ikasleentzat nola familientzat. "Ikasleen eta ikastetxeen ibilbidea aztertu behar da, hobera egin dezaten. Uler dezagun ebaluazioa hobetzeko aukera gisa. Hori da asmoa eta hala ulertu behar dugu guztiok: familiak, hezkuntza eragileak eta administrazioak. Xede bakarra gure seme-alaben ongizatea da", gaineratu du.
Lankidetza
Zentzu horretan, Uriartek adierazi du, aurreko legegintzaldian bezala, lankidetza eta akordioa direla Hezkuntza sailaren erronkak legegintzaldi honetan ere: "Iritzi, behar, pentsakera eta guztion borondateen inguruan eraikitzea", azaldu du.
Testuinguru honetan, "hezkuntza ezin da tresna gisa erabili, ezin da tresna politiko moduan hartu; hezkuntzak batu egin behar gaitu".
n behar gaitu".