Politika
Aurkezpena
EArentzat 'EH Bildu konpromiso estrategikoa' dela defendatu du Urizarrek
Agentziak | Erredakzioa
EAko idazkari nagusiak hautagaitza aurkeztu du alderdiak ekainaren 3an eta 4an Donostian antolatu duen kongresurako.
Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiaren esanetan, EH Bildu "konpromiso estrategikoa" da alderdiarentzat. Gainera, gaur aurkeztu duen hautagaitzaren baitan, ez duela koalizio abertzalea uzteko "aukerarik" inoiz aurreikusi berretsi du, "gu ere EH Bildu baikara".
EAk ekainaren 3an eta 4an Donostian egingo duen kongresurako hautagaitza aurkeztu du Urizarrek gaur goizean Bilbon. Lan taldean parte hartzen ari diren hamaika pertsonek lagundu diote agerraldian: "EArentzat aro berria ekarriko duen hautagaitza berria" dela azpimarratu du.
Eusko Alkartasunako sektore kritikoari buruz ere hitz egin du ekitaldian. Urizarren aburuz, "zerrenda alternatiboa aurkeztu nahi dute, EH Bildu uzteko asmoz, baina argi eta garbi dugu aukera hori ez dagoela gure hautuen artean".
"EH Bildu konpromiso politikoa eta estrategikoa da guretzat, eta inoiz ez da egongo gure aukeren artean EH Bildu uztea", esan du, "gu ere EH Bildu garelako".
Sektore kritikoak salatutako gardentasun faltaren inguruan galdetu diotenean, Urizarrek esan du bi taldeen arteko desberdintasunak "beste arlo batzuetan" daudela, "EAk EH Bildu koalizioan izan behar duen eginkizunean, esaterako".
Roke Akizu, Mariano Alava, Edriga Aranburu, Iria Epalza, Lorena Lopez de Lacalle, Jokin Melida, Iker Ruiz de Egino, Andone Salbarredi, Lohitzune Txarola, Jon Peli Uriguen eta Arri Zulaika daude Urizarren taldean.
"Zubiak ausart eraikitzeko izpirituz" iritsi direla azaldu du, "euskal gizartearekin eta Euskal Herriarekin konpromiso bat dugula kontuan izanik". Beraz, bere iritziz, "zintzotasunez jokatu" behar dute.
Jarrera desberdinak koalizioaren barruan
Bestalde, Iratxe Lopez de Aberasturi Eusko Alkartasuneko Nazio Batzordeko kideak azaldu duenez, koalizio abertzalea osatzen duten bi taldeen desberdintasunak babesteko formula irekia eta zabala bilatzearen alde egin dute militanteek. Halaber, kudeaketa gardena izateaz gain, arduraz egin behar dela esan du.
Iratxe Lopez de Aberasturik azaldu duenez, Eusko Alkartasuneko 407 kidek hartu dute parte prozesu horretan, eta etorkizuneko konpromisoak hobetzeko eta osatzeko proposamenak egin dituzte.
tuzte.