Politika
Zentsura-Mozioa
Agentziak | Erredakzioa
Sozialistek 'fede txarra' ikusten dute Unidos Podemosek aurkeztutako mozioaren atzean. Ciudadanosen aburuz, berriz, 'Espainiaren arazoak errazago konpon daitezke'.
Antonio Hernando, Alderdi Sozialistak Kongresuan duen bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Antonio Hernando Alderdi Sozialistak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak adierazi duenez, ez dute babestuko Pablo Iglesias Podemos alderdiko buruak Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurka planteatu duen zentsura-mozioa. Hernandoren aburuz, Iglesiasek "fede txarrez" eta "arduragabekeriaz" jokatu du, uste baitu "su artifizial horiek" oposizioaren kaltetan direla.
Izan ere, Pablo Iglesiasek PSOEri eta oposizioa osatzen duten gainerako alderdiei dei egin die Mariano Rajoy presidentea Diputatuen Kongresuan aurkeztutako zentsura-mozio baten bidez kargugabetzeko. Alderdi moreak ez du hautagairik proposatu, baina aurreratu duenez, mozioa aurkeztuko du sozialistek babestu ala ez.
Antonio Hernandorentzat, Pablo Iglesiasek eman duen prentsaurrekoa duela urtebete erregearekin bildu ostean eman zuenaren "berdina" da. Orduko hartan, aipatu bileratik atera eta PSOErekin batera osatutako Gobernu bateko balizko ministroei buruz hitz egin zuen. "Orduan fede txarra egon zen, seriotasun falta, eta gaur errepikatu egin da egoera", defendatu du.
Horrenbestez, eta "PPri aurka egingo dion gehiengorik ez" dagoela gogoratu ostean, baztertu egin du Unidos Podemosen zentsura-mozio hori babestea, eta ohartarazi duenez, era horretan "oposizioa kaltetzen da". "Iglesiasen su artifizial horiekin denbora preziatua ari gara galtzen PPri bere lokatzezko ustelkeriarengatik erantzukizunak eskatzeko".
Ciudadanos ere aurka
Jose Manuel Villegas Ciudadanos alderdiko idazkari nagusiak baieztatu duenaren arabera, bere alderdiak ere ez dio babesik emango Rajoyren aurkako zentsura-mozioari.
Villegasek Kongresuan zeuden kazetarien aurrean egindako adierazpenetan adierazi duenez, Espainiak dituen arazoak ez dira konpontzen "Pablo Iglesias presidente, presidenteorde edota Barne ministro bihurtuta".
Bere esanetan, "modu serioagoan" konpontzen dira: "ustelkeria argituta eta erantzukizun judizialak eta politikoak eskatuta, herrialdeari egonkortasuna emango dioten neurriak hartuta".
PP: "Irrigarrikeria"
"Barregarri geratzea" leporatu dio Podemosi Rafael Hernandok, Talde Popularrak Kongresuan duen bozeramaileak, Rajoyren aurkako zentsura-mozioarekin. Bere esanetan, Espainia ez dago "irrigarrikerietarako", baizik eta "gauza serioetarako" Hori dela eta, Hernandok esan duenez, Podemosek "noizbait barregarri geratzeari utzi" diezaiola gustatuko litzaioke, eta kontuan har dezala milioika espainiarrek politika egiteko" hautatu dituztela.
Azaldu duenaren arabera, zentsura-mozioa aurkezteko 35 eserleku behar dira eta Podemos eta Compromis alderdiek 75 dituzte: "Orduan, zeren izan daude?", galdetu du.
EAJ: "Erabateko baldarkeria"
Bere aldetik, Aitor Esteban EAJko bozeramaileak "erabateko baldarkeria" iritzi dio aukera horri, gutxiengo posizio batetik datorrelako, eta, ohartarazi duenez, Gobernuko presidenteari mesedegarri izan dakioke, lortu nahi duen kontrako ondorioa eraginez.
Jeltzaleak kritikatu egin du Pablo Iglesiasek Podemosen asmoaren berri eman izana aurretiaz gainerako taldeekin hitz egin gabe, hautagaia nor izango den jakin gabe eta babesak bermatuta izan gabe. Estebanen esanetan EAJK orain arte Andoni Ortuzar alderdiko presidenteari zuzendutako sms mezu bat besterik ez du jaso. "Ez zait iruditzen politika egiteko forma serioa. Etxe ez da sabaitik eraikitzen, baizik eta zimenduetatik", baieztatu du.
Horren harira, Estebanek Podemosi ohartarazi dio, zentsura-mozioa baztertzen bada, bilatzen den kontrako ondorioa izan eta Rajoyren egoera "sendo" dezakeela, agerikoa bailitzateke ez dagoela "alternatiba izan daitekeen gehiengorik".
Alabaina, EAJk Podemosekin hitz egingo duela aurreratu du, "nahiz eta ez dirudien beste ezer prestaturik dagoenik" Iglesiasek aurreratu duenaz gain.
PDeCAT, eszeptiko
PDeCAT alderdiko Carles Campuzano eszeptiko agertu da, iragarritako zentsura-mozioari buruz.
Bere alderdia Podemosekin bilduko dela adierazi du, haien asmoa zein den ezagutzeko. Aitzitik, alderdi morearen proposamena aurrera ateratzeko aukera gutxi daudela esan du: "Ez dirudi, momentuz, behar den gehiengoa dagoenik".
ERC, babesteko prest, baina baldintzekin
Joan Tarda ERC alderdiak Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, bere taldea prest legoke zentsura-mozioa babesteko, baldin eta hura sustatzen dutenek ziurtatzen duten irailaren bigarren hamabostaldian Katalunian erreferendum subiranista egiteko eragozpenik jarriko ez dutela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa