16:52

Politika

'Lezo auzia'

Esperanza Aguirrek dimisioa eman du

Agentziak | Erredakzioa

Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente ohiaren atxiloketaren ostean erabaki du Aguirrek Madrilgo Udaleko PPko bozeramaile gisa.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Esperanza Aguirrek dimisioa eman du gaur arratsaldean Madrilgo Udaletxeko PPren bozeramaile eta zinegotzi gisa, Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente ohia atxilotu ostean.

17:00etan eskainitako prentsaurrekoan, "iruzur" egin diotela adierazi du, "traizionatuta" sentitzen dela azpimarratzeaz gain. Aguirreren aburuz, Gonzalezen auziaren autoa eta kartzela zigorra ez dira "behin betiko proba", baina presidente ordea zenean ez zuela "behar bezala gainbegiratu" erakusten dutela onartu du. "Hori dela eta, dimisioa eman dut, eta Madrilgo Udalean PPren bozeramaile eta zinegotzi gisa nituen karguak utzi ditut, hiritarren botoen bidez lortu nituenak", esan du.

Konfiantzazko lankidez inguratuta egin ditu Aguirrek adierazpenak: Pedro Calvo eta Begoña Larrainzar, besteak beste. "Nik politika nola ulertzen dudan ikusita, Gonzalez behar bezala ez gainbegiratzeagatik dudan ardura nere gain hartuko dut", argudiatu du.

Hunkituta agertu da Aguirre hedabideen aurrean, eta Gonzalezengan "erabateko konfiantza" zuela gogoratu du: "80ko hamarkadan ezagutu nuen Madrilgo Udalean, funtzionarioa zenean". Espainiako Kultura eta Hezkuntza ministerioko idazkariorde izendatu zuen, eta, ondoren, Administrazio Publikoen eta Inmigrazio arloetako idazkariorde ere izan zen.

Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidentea zenean, presidenteordetza eman zion Gonzalezi. "Zuzenak ez ziren jardueraren batekin zerikusia zuela leporatu zioten zenbait hedabidek", azaldu du, eta eskatutako azalpen zehatzak eman zizkiola gaineratu.

Aguirreren esaneran, hiritarrek eskubidea dute politikariei dituzten ardurak bere gain har ditzaten eskatzeko, "gerorako utzi gabe eta aitzakiak alde batera utzita". "Beraz, ez ditut nire ardurak saihesten", ondorioztatu du.

Agerrialdian izan diren kazetariei eskerrak emanez amaitu du hitzaldia, eta galderarik erantzun gabe joan da.

Esperanza Aguirreren hirugarren dimisioa

'Gürtel' eta 'Punica' auzien ostean, 'Lezo' operazioarekin iritsi da Esperanza Aguirreren dimisioa. Madrilgo Erkidegoko presidente ohiaren hirugarren agurra da gaurkoa. 2012ko irailean, Erkidegoko Presidentetza utzi zuen arren, ez zion uko egin Madrilgo PPren presidentea izateari.

2016ko otsailaren 14an, dimisioa eman zuen (bigarrena) Madrilgo PPren presidente gisa, 'Punica' auzian zuen "ardura politikoagatik". Izan ere, egun batzuk lehenago, Eloy Velasco epaileak alderdiaren egoitza miatzeko agindua eman zuen, 'Punica' auziko ordainketak alderdia legez kanpo finantziatzeko balio izan ote zuten ikertzeko.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena