21:20

Politika

Ustelkeria PP-ren baitan

Ignacio Gonzalez baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du epaileak

Agentziak | Erredakzioa

Era berean, Edmundo Rodriguez, Gonzalezen konfiantzazko kidea Latinoamerikan, kartzelan sartzeko agindua eman du.

1:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente izandakoa baldintzarik gabe espetxean sartzeko agindu du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Edmundo Rodriguez ere -Ignacio Gonzalezek Latinoamerikan zuen konfiantzazko ordezkaria- baldintzarik gabe kartzelara bidali du epaileak.

Haren anaia, Pablo Gonzalez, kartzelan sartzeko agindu du, lau miloi euroko bermea ordainduta aske geratzeko aukerarekin; eta Ignacio Gonzalezen koinatuari, Juan Jose Caballerori, 100.000 euroko bermea ezarri dio.

Jose Martinez Nicolas Madrilgo Erkidegoko Informatika Agentziako kontseilari delegatu ohiari eta Javier Lopez Madrid OHL eraikuntza enpresako kontseilariari ere 100.000 euroko bermeak ezarri dizkie. Apirilaren 28ko 12:00ak baino lehen ordaindu ezean, kartzelan sartuko dituzte.

Clarisa Guerrak ere deklaratu du ostiral honetan. Edmundo Rodriguezen idazkaria aske utzi dute, hilean behin epaitegira joateko baldintzarekin.

Ostegunean Isabel II.enaren Kanala erakundeko bi zuzendari ohiek deklaratu zuten: Maria Fernanda Richmond finantza zuzendari ohiak eta Adrian Martin kudeatzaile ohiak. Richmondi lau milioi euroko bermea ezarri zion eta Martini 100.000 eurokoa.

Isabel II.ena Kanala erakundearen bidez diru publikotik gutxienez 23 milioi euro bidegabe erabili izana eta Madrilgo Alderdi Popularra legez kanpo finantzatu izana ikertzen ari dira.

Erakunde kriminaleko kidea izatea, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea, prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea eta iruzurra egitea leporatzen diete auzipetuei.

Dena ukatu du

Ignacio Gonzalez asteazkenean atxilotu zuten, Isabel II.ena Kanalarekin lotutako ustelkeria kasu baten ikerketaren baitan.

2003 eta 2012 urteen bitartean, Gonzalez erakunde horretako presidente izan zenean, Alderdi Popularrera dirua bideratu ote zen ikertzen ari dira.

Bi ordu eta 45 minutuz deklaratu du ostiral honetan Eloy Velasco epailearen aurrean, Auzitegi Nazionalean.

Madrilgo Erkidegoko presidente ohiak leporatzen dizkioten irregulartasun guztiak ukatu ditu epailearen aurrean, EFE albiste-agentziak iturri juridikoak aipatuta zabaldu duenez.

Galdeketan, berari grabatutako zenbait elkarrizketa jarri dizkiote entzuteko.

2003an Isabel II.aren Kanalaren zuzendaritzara iritsi zenean han antzemandako irregulartasunak zergatik ez zituen salatu galdetu diote, besteak beste, aipatu iturrien arabera.

Galdeketa amaituta, fiskalak Gonzalez baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu du.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena