Politika
Polizia-operazioa
Erredakzioa
Andoaingo Udaltzaingoaren buru ohia eta Manuel Gimenez Abad PPren senataria hiltzeko erabili zuten pistola berbera dela baieztatu du.
Ertzaintzak Erandion (Bizkaia) duen egoitzan emandako prentsaurreko batean, Aresek Hernanin egindako polizia-operazioa izan du hizpide, eta Pagazaurtunduaren eta Manuel Jiménez-Abad PPren Aragoiko buruzagi eta senatari ohiaren hilketetan pistola berbera erabili zutela baieztatu du. Aresek esan du, hala ere, pistola bera izateak ez duela esan nahi hiltzailea pertsona bera dela.
Sailburuak adierazi duenez, gaurko bi atxilotuek, Agirresarobek eta haren bikotekide ohiak, Aitziber Ezkerrak, “Donosti sarea”ri lotuta “zain” zegoen “talde bat” osatzen zuten eta ETAren aginduen zain zeuden.
Bizimodu normala
Bi atxilotuek “bizimodu normala” egiten omen zuten Hernanin, baina “ETArekin harremanetan” jartzen ziren, ikerketen arabera. Gainera, Ertzaintzak bazuen atxilotuen berri, azkenaldian terrorismoa goratzeagatik auzipetu dituztelako eta legez kanpo utzitako alderdi politikoekin harremana zutelako.
ETAri laguntzeagatik Ezkerra kartzelan izan zela gogorarazi du Aresek, eta poliziaren datuen arabera, “baliteke beharrezko laguntzailea izatea Joseba Pagazaurtunduaren hilketan”.
Deia arrebari
Aresek esan du atxiloketak egin bezain laster, goizaldean, Maite Pagazaurtundua hildako agentearen arrebari, alargunari eta amari deitu diela “albiste ona” emateko.
Sailburua gustura eta pozik agertu da bere laguna eta alderdikidea izan zenaren ustezko hiltzailea harrapatu dutelako.
Operazioa, irekita
Polizia-operazioak irekita jarraitzen duela gaineratu du, eta ez du baztertu atxiloketa gehiago izatea Agirresarobe eta Ezkerra galdekatu eta miaketetan atzemandako material guztia aztertu ostean.
Hilketa izan eta zazpi urtera
Krimena izan eta zazpi urtera atxilotu dute ustezko hiltzailea, duela urtebete martxan jarritako Terrorismoaren Kontrako taldeak, Ertzaintzako polizia zientifikoarekin elkarlanean, egindako lan “bikaina”ri eta “zehatza”ri esker, Herrizaingo sailburuaren esanetan.
Dena dela, “nik nahi nuena baino denbora gehiago” igaro dela onartu du Aresek, baina Ertzaintzaren “eraginkortasun profesionala” agerian geratu dela uste du.
“Urte ona askatasunarentzat”
Jaurlaritzako agintariak gaineratu duenez, “urte txarra izan da ETArentzat, baina ona askatasunarentzat”. Hori dela eta, “terrorismoaren azkenetan gaudela” iragarri du eta “azken esfortzu bat” eskatu die herritarrei.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa