Politika
Aberri Eguna
Agentziak | Erredakzioa
EAJk eta Ahal Duguk Bilbon egingo dute; EH Bilduk, berriz, Independentistak sareak Gernikan antolatutako ekitaldiekin egingo du bat, eta Eusko Ekintzak Durangon ospatuko du.
Albisteak (3)
Euskal alderdi abertzaleek eta Ahal Duguk bake giroan eta ETA armagabetuta dagoen agertoki batean ospatuko dute gaur Aberri Eguna. Hartara, EAJk eta alderdi moreak Bilbon egingo dituzte ekitaldiak; EH Bilduk, berriz, Independentistak sareak Gernikan antolatutako ekitaldiekin egingo du bat, eta, bere aldetik, Eusko Ekintzak Durangora eramango ditu bere aldarrikapenak.
EAJ
Azken urteetan egin legez, EAJk Bilboko Plaza Barrian ekitaldi politiko bat egingo du 11:30etik aurrera. Bertan izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko burua.
Eusko Alderdi Jeltzaleak ospakizunaren harira argitaratu duen agirian azaltzen duenez, behin ETAren "indarkeria aldia amaituta", aukera ezin hobea ikusten du Euskadin "akordio nazional berria lortzeko". Gainera, bere aburuz, Estatu espainiarrak "bere baitan" Euskadiko eta Kataluniako nazioak existitzen direla onartu behar du, "baldin eta ez badu nahi etengabeko gatazka politikoa izan".
Zentzu horretan, hitz egiteko eta eztabaidatzeko prest daudela adierazi du "Legebiltzarrean eta gizartean ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko, Euskadi Europako Nazio izan dadin". "Adosteko eta elkar ulertzeko borondate ukaezina dugu,baina ez dugu onartuko aurrera egiten eragotziko digun betorik", azpimarratu du EAJk.
EH Bildu
Bere aldetik, EH Bildu Gernikan izango da, Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak elkarteak Aberri Egunaren harira antolatutako ekitaldietan. Bere xedea "herri duin eta bidezko bat izateko desioa aldarrikatzea da, bere etorkizuna modu askean eta demokratikoan erabakiko duena, Euskal Herriaren eraketan bide berriak irekitzen diren garaian. "Herri libre bat izan nahi dugu", baieztatu du EH Bilduk.
Koalizio subiranozalearen aburuz, aurtengo Aberri Eguna "ilusiozko testuinguru batean ospatuko da" ETAren armagabetzeagatik; izan ere, "ziklo bat itxi eta beste bat ireki du". Egoera horretan, "gehiengo sozialak" batzearen alde agertu da EH Bildu, "herri honen etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea gorpuztuko duten herri adostasunak lortu asmoz".
Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak Gernikan antolatu dituzten euren ekitaldiak hura bonbardatu zutenetik 80. urteurrena beteko den bezperatan, "bizirauten eta aurrera egiten jakin duen herri baten ikur gisa". Jarduerak 12:00etan hasiko dira, Udaletxeko plazatik abiatuko den manifestazio batekin.
Ahal Dugu
Ahal Dugu alderdiak, 'Aberri Irekia' lelopean, Bilbon egingo ditu Aberri Egunaren harira prestatutako ekintzak. Nagua Alba alderdiko idazkari nagusiak eta Bernardo Atxaga idazleak 'aberria' kontzeptuari buruz mintzatuko dira alderdi moreak Bilbon duen egoitzan, 12:00etattik aurrera.
Ahal Dugu da abertzalea izan ez arren Aberri Eguna ospatzen duen alderdi bakarra. Joan zen urtean ospatu zuen lehen aldiz, Donostian, eta aurten Bilbora egin du aldaketa.
Eusko Ekintza
Bere aldetik, Eusko Ekintza alderdiak Durangon ospatuko du Aberri Eguna, 'Independentzia eta sozialismoa' lelopean. Alderdi honen iritziz, ezin dute bat egin "erreformistek" Gernikan egingo dituzten ekitaldiekin. Gaurko duen asmoa honako hau da: "Kolektiboki eztabaidatuko dugu gaur egungo egoeraz eta denon artean erabakiko zer egin Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka guztiak indartzeko".
Horrenbestez, Eusko Ekintzak eguerdiko 12etan, Durangoko Andra Maria elizako arkupera bertaratzeko deia egin du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa