Politika
ADIERAZPEN BATERATUA
EITB.EUS
ETA armagabetzeko hiru egun falta direnean, agerraldi bateratua egin dute euskal alderdi eta sindikatu nagusiek. 'Zilegitasuna eta sinesgarritasuna' eman diote larunbateko ekitaldiari.
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Datorren larunbatean, apirilak 8, Baionan egingo den armagabetzeari "zilegitasuna eta sinesgarritasuna" emateko, agerraldi bateratua egin dute Bilbon Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu nagusienetako ordezkariek: ELA, LAB, CCOO, UGT, STEE EILAS, ESK, Etxalde Mugimendua, HIRU, EAJ, EH Bildu, PSE, Podemos Euskadi, Ezker Anitza, Equo Euskadi, Geroa Bai, Podemos Nafarroa eta Izquierda-Ezkerra taldeetako kideak agertu dira hedabideen aurrean, eta Rafaela Romerok (PSE) eta Ainhoa Etxaidek (LAB) irakurri dute adierazpena guztien izenean.
ETA erakunde armatuaren armagabetzea bakebidean "funtsezko mugarria" izango dela esan dute, "bortizkeriaren amaiera prozesu ordenatu eta behin betikoaren baitan". Halaber, desarmeak "atzeraezina, erabatekoa, aldebakarrekoa eta baldintza politikorik gabea" izan behar duela nabarmendu dute. "Armagabetzea bakerako beharrezko urrats bat da; ezinbesteko urratsa, izan ere. Horregatik, gure organizazioek eta herritarrek aspaldidanik nahi genuen gertatzea”, jaso dute, hitzez hitz, adierazpenean.
"Sinesgarritasuna" eman diote "bakearen artisauek" abian jarritako prozesuari, eta "arrakastaz betetzea" espero dutela gaineratu dute. Horretarako euskal gizartea ordezkatzen duten erakundeak "behar bezala artikulatzea" ezinbestekoa dela adierazi dute, bakearekin duten "konpromisoa" berrestearekin batera.
Eskaera zuzenak egin dizkiete ETAri eta erakunde guztiei: erakunde armatuari "armagabetze ekitaldi bakarra lehenbailehen egin dezala" eskatu diote, "aldebakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua"; Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, berriz, "helburu hau gauzatze aldera garatzen ari den lan onarekin jarrai dezala" esan diote. Euskal erakundeei ere dei egin diete, "larunbateko ekitaldia babesteko gestioak egiten jarraitzeko". Eta, azkenik, Frantziako eta Espainiako gobernuei "armagabetzea burutzen laguntzeko" galdegin diete.
Alderdi eta sindikatu horien ustez, armagabetzea "oso lagungarri litzateke euskal gizarte eta politikan iraganarekin lotutako epealdi bat ixteko, eta aukera emango luke, biktima guztiak gogoan izanik, orainaldi eta etorkizun fase berri batean aurrera egiteko, zeinak oinarritzat bizikidetza izango duen".
"Azkenik, jakinarazten dugu gure organizazioak ordezkatuta egon daitezkeela, erabakitzen duten eran, Baionan apirilaren 8an deituta dagoen ekitaldian, Frantziako eta Iparraldeko ordezkaritza politiko eta sindikal anitz eta zabal baten ondoan", esan dute agerraldia amaitu aurretik.
PPren eta Coviteren ekitaldiak
Amaya Fernandez euskal popularren idazkari nagusiak jakitera eman duenez, Baionako ekitaldiaren bidez ETA erakundeak bere burua zuritu nahi du, eta iragana ezabatu. "Estrategia" horren aurka ekitaldia antolatu dute popularrek ostiralerako, Gasteizen.
Fernandez gaur agertu da hedabideen aurrean, "ekitaldi alternatiboa" aurkezteko. "Askatasunaren balorea. Demokraziaren izenean ahotsa altxatu zuten guztien alde" lelopean, egingo dute ekitaldia eta "euskal gizarte zibilari protagonismoa" ematea da helburua.
"Frantziako eta Espainiako gobernu demokratikoak presionatuz, bere iragana zuritu nahi du ETAk", esan du buruzagi popularrak.
Covite terrorismoaren biktimen elkarteak, berriz, beste ekitaldi bat antolatu du biharko, Donostian, hori ere Baionako ekitaldia salatzeko.
11:00etan hasiko da ekitaldia, Londres Hotelean, eta bertan manifestu bat irakurriko dute. Covitek esan duenez, ehun pertsona baino gehiagok babestu dute agiria.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa