10:50

Politika

eusko legebiltzarra

Memoria eta Bizikidetza lantzeko Ponentzia eratu dute, PP barik

agentziak | erredakzioa

Taldeak gutxi barru bilduko dira, egutegia eta plangintza zehazteko, baita egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egiteko ere.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarreko taldeek, PPk izan ezik, Memoria eta Bizikidetza Lantzeko Ponentzia eratu dute gaur, asteazkena, "terrorismoa eta indarkeriari zilegitasuna kentzeaz", espetxe politikaz, bakeaz eta giza eskubideez aritzeko helburuarekin.

Ponentzia Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordearen baitan jaio da, eta Ana Oregik (EAJ) gidatuko du. Bestalde, Iñigo Iturrate (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu) Pilar Zabala (Elkarrekin Podemos) eta Idoia Mendia (PSE-EE) izango dira horren kideak.

PPk aurretik iragarri zuen ez zuela lantaldean parte hartuko, uste baitu EH Bildu laguntzeko eginda dagoela, "ETA ez gaitzesteko".

Aurretik aipatutako ordezkarien ordezkoak Amaia Arregi (EAJ), Jone Goirizelaia (EH Bildu), Eukene Arana (Elkarrekin Podemos) eta Rafaela Romero (PSE-EE).

Behin eratuta egonda, taldekideak gutxi barru bilduko dira egutegia eta plangintza zehazteko, eta egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egiteko ere. Legebiltzarrak aurreko urtarrilean onartu zuen Ponentzia eratzea, EAJren, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren botoekin. PPk kontra bozkatu zuen.

Ponentzia eratzeko testuak dioenez, lantaldearen helburua "memoria, elkarbizitza, biktimak, espetxe-politika, bakea, giza eskubideak, eta terrorismoari eta indarkeriari zilegitasuna kentzearen inguruan adostasun zabalak bilatzea" izango da.

"Hamarkada askoko terrorismoa izan dugu eta zauriak oraindik itxi gabe daude. Horiek sendatzeko, beharrezkoa da denbora, baina gure betebeharra horri eustea da", esan zuen EAJk urtarrilean egindako hitzaldian.

EH Bildu, nahiz eta ponentzia babestu duen, kritiko agertu da, aurreko legealdian ez bezala, lantaldearen izenean ez delako 'bakea' hitza sartu. Koalizioaren ustean, "ulertezina" da, "egun dagoen indarkeria bakarra espetxe politika delako".

Elkarrekin Podemosek, ordea, espero du taldeak aurrera egin ahal izatea, biktima guztien aitortzan; bai ETArenak, bai muturreko eskuinak eragindakoak, baita GALenak ere.

PSE-EEk, nahiz EH Bilduren konpromisoaz mesfidati izan, lantaldea "zorroztasunez" jardutea bultzatuko du, printzipio "ukaezinetatik" abiatuta.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena