16:27

Politika

Presoak

Alabarekin fundazio batean bizitzeko baimena eman diote Majarenasi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Espetxe Zaintzako epaileak bigarren gradua eman dio Sara Majarenas preso donostiarrari.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionalak kartzelatik ateratzeko baimena eman dio Sara Majarenas presoari, Izar alabarekin Padre Garralda-Horizontes Abiertos (Madril) harrera etxean bizi ahal izateko, Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak aginduta.

Izarrek hiru urte bete ditu gaur eta, ondorioz, amarengandik banandu behar zuten; izan ere, behin hiru urte beteta haurrak ezin du kartzelan jarraitu.

Hala ere, Espetxe Zaintzako Castro epaileak bigarren gradua eman dio Sara Majarenasi eta, beraz, aurrerantzean ere elkarrekin biziko dira ama-alabak. Urtarrilean, aitak labanaz zauritu zuen Izar, eta errekuperatze bidean da.

Epaileak bere erabakia hartzeko bi kontu hartu ditu kontuan: ama-alabak bizi duten salbuespenezko egoera eta epaitegiko talde teknikoak egindako txostena. Horren arabera, amak eta alabak elkarrekin egoteko premia dute, "bereziki, eraso izugarri baten ondoren haurrak bizi duen ahultasun egoera tarteko".

Halaber, Majarenasek otsailaren 6an idatzitako eskutitz bat ere aintzat hartu omen du epaileak. Haren esanetan, eskutitz horretan Sara Majarenasek damua azaltzen du, egindako mina aitortzen du eta bere lehentasuna eta helburua alaba zaintzea dela nabarmentzen du.

Sara Majarenas 2005. urtean atxilotu zuten eta 13 urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea leporatuta. Dagoeneko, zigorraren hiru laurdena beteta ditu.

Aske geratzea eskatzen jarraituko du Majarenasek

Presoaren abokatuak, Onintza Ostolazak, adierazi duenez, epailearen autoak "helburuetako bat" bete du, ama eta alaba elkarrekin egotea alegia, baina, hala ere, hura ez dela nahikoa gaineratu du.

Horren ildotik, Majarenasi "baldintzapeko askatasuna" emateko "lanean" jarraituko duela nabarmendu du, presoak “baldintza guztiak” betetzen baititu.

Horren esanetan, presoak kondenaren hiru laurdenak bete ditu, eta, gainera, eragindako mina aitortu du eta ETAtik aldendu da, otsailaren 6an sinatutako idatzi batean.

"Idatzi hori autoan gaineratuta dago, badirudi epaileak balioetsi egin duela", esan du abokatuak.

Manifestazio jendetsua

Arratsaldean ehunka herritar bildu dira Donostian, Sara Majarenasen baldintzapeko askatasuna eskatzeko. Ildo horretatik, argi utzi dute lanean jarraitzeko asmoa dutela, eginda zituzten beste bi eskariak ez direlako bete.

Madrilgo harrera etxean bizi ahal izateko baimena lortu arren, etxetik oso urrun dagoela azpimarratu du “Izarrekin Sara etxera” plataformako bozeramaileak. Era berean, “ez ama eta ez alaba” ez direla aske nabarmendu du, eta Intxaurrondo Ikastolan ikasteko izena eman zuela gogoratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena