09:31

Politika

Emakumeen aurkako indarkeria

Majarenasek jasotako babesa eskertu eta Izarrekin egotea eskatu du

eitb.eus

Preso donostiarraren senitartekoak Legebiltzarreko taldeekin bildu dira hura aske uzteko eskariari atxikimendu bila.

1:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sara Majarenas Picassenteko (Valentzia) espetxean zigorra betetzen ari den preso donostiarrak eskerrak eman ditu "hasiera-hasieratik eman diguzuen babes, maitasun eta indarragatik", bikotekide ohia Izar bere haurtxoa hiltzen saiatu eta gero, urtarrilaren 15ean.

Gara eta Berria egunkarietara igorritako eskutitz batean presoak adierazi duenez, "indar eta energia hori guztia gabe halakorik ez zen posible izango".

Halere, preso donostiarrak "bizitzako garairik gogorrena eta zailena" igarotzen ari dela azaldu du. Bikotekide ohia Izar arma zuriz hiltzen saiatu eta gero, haurra "fisikoki, gertatu den guztia gertatuta ere, ondo dago. Baina ibilbide luzea dago egiteko, bai psikologikoki eta bai emozionalki", amaren esanetan. Izan ere, "alde horretatik, ez dago ondo", erantsi du Majarenasek.

"Horixe da nire kezka nagusia oraintxe bertan. Izarrek ez du ulertzen aitak zer egin zion, ez eta bat-batean zergatik ihes egin duen bere bizitzatik ere", azaldu du.

"Izar ospitalean egon den bost aste luze hauetan, hiru astez elkarrengandik bereizita egotea izan da gogorrena, bi egunez behin ordubetez bakarrik elkar ikusten baikenuen", gaineratu du. "Egoera fisiko zein psikologikoa larria izateaz gain, antsietate ikaragarria sortu zion amagandik bereizteak. Eta hala berretsi genuen lehendik bagenekiena, sen onak esaten duena? Izarrek inoiz baino gehiago behar duela ama", azpimarratu du Majarenasek.

Hori dela eta, "halakorik ezin dakiguke gerta berriro. Izar kalera aterako da, eta ezin du berriro sentitu nigandik apartatuko dela. Nik haren beharra dut, eta hark, nirea. Bestela, ez da izango erreparaziorik. Edo askoz gehiago kostako da behintzat", gaineratu du.

Majarenasen familia: "Sara ezinbestekoa da Izar sendatzeko"

Sara Majarenasen senitartekoek presoa aske uzteko eskatu dute gaur, ama "ezinbesteko" delako Izar psikologikoki sendatzeko. Hain justu, eskari horren aldeko atxikimenduak lortu nahian, Eusko Legebiltzarreko taldeekin bildu dira goizean.

Araitz Zubimendi familiaren bozeramaileak eta Iñaki Polo Izarren amonaren bikoteak prentsaurrekoan azaldu dutenez, "eurek aukeratzen duten moldez eta hitzez, baina babestu dezatela Sara libre uzteko eskaera", horixe galdegin diete ordezkari politikoei, eta jasotako erantzunarekin "pozik" daudela azpimarratu dute.

Azaldu dutenez, agenda arazoak tarteko, ezin izan dira PPko ordezkariekin bildu, baina bilera egiteko "interesa" agertu omen diete. Hala, egunean zehar PPrekin batzartuko direla aurreikusi dute Majarenasen gertukoek.

Poloren hitzetan, Kontxi Ibarreta amama Valentzian dago, iloba kartzelatik noiz irtengo. Une hori "hirurentzat zaila" izango dela esan du aitonak. Haren ustez, "aitak sastatutako 3 urteko neskato batentzat ez dago egoera latz eta krudelagorik: amarengandik indarrez banatzea. Umeak dituen zauri fisiko eta psikikoak gainditu behar ditu, eta horretan lagunduko dion pertsona bakarra ama da".

Izarrek "beldurrak eta izu-ikarak" ditu, aitonak azaldu duenez, eta Majarenas da "arazoak konpontzen lagunduko dion erreferentea".

Ildo beretik, Araitz Zubimendik azaldu du Izar neskatxa zoriontsua izan daitekeela, baina, "trauma" behar den moduan gainditzen ez badu, "bizitzan zehar arazoak" izan ditzakeela gaineratu du, besteak beste, autoestimu urria eta kulpa sentimendua. Hartara, bere aburuz, "Izar sendatu dadin, ezin bestekoa da bere ama berarekin batera egotea, eta biak kalean egon daitezela".

Gainera, biek jakitera eman dutenez, Majarenasen abokatuek baldintzapeko askatasuna eskatu diote Auzitegi Nazionalari  berarentzat; alabaina, auzitegi horren erabakia ez da berehalakoa izango.

Azkenik, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak egindako adierazpenei buruz galdetu diete; izan ere, Majarenas eta bere alaba elkarrekin egon daitezen lan egiten ari direla adierazi zuen atzo Zoidok. Horren aurrean, Zubimendik uste du positiboa den zerbait dela, baldin eta egintzetan zehazten den.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena