21:38

Politika

Erabakitzeko eskubidea

Kataluniako prozesu soberanista azkeneraino eramatea babestu du Masek

Agentziak | Erredakzioa

Erabakitzeko eskubidea hizpide, hitzaldia eskaini dute Artur Masek eta Juan Jose Ibarretxek Donostiako Kursaal jauregian.

1:52
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Artur Masek esan du Katalunia eta Espainiaren arteko ituna “Everesteko tontorra baino urrunago” dagoela, eta Kataluniako Estatua sortzeko prozesu soberanistarekin aurrera egitea babestu du.

Generalitateko presidente ohiak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hitzaldia eskaini dute Donostiako Kursaal jauregian, erabakitzeko eskubidea hizpide. Ekimena Gure Esku Dago plataformak eta Agirre Lehendakaria zentroak antolatu dute elkarlanean.

Agerraldian, Masek ez du Mariano Rajoyk eta Carles Puigdemontek ustez egin duten bilera aipatu, baina Katalunian 2017rako aurreikusita dagoen erreferenduma egitea babestu du, Kataluniako Estatua lortzeko bidean.

Estatuak Kataluniari autonomia handiagoa emateko eskaintza egitea oso zaila dela esan du, baina, egingo balu, proposamen hori galdeketa baten bidez onartu beharko litzatekeela adierazi du, betiere independentziarako aukeraren ondoan.

“Herritarrek autonomia gehiago edo independentziaren artean aukeratu beharko lukete”, esan du. Alabaina, alternatiba horrek ez du zentzurik izango Kataluniako Parlamentuaren gehiengo absolutuak independentzia aldarrikatzen duenean, Masen ustez.

Arrakastaren gakoak

Bestalde, Kataluniako prozesu soberanistaren oinarrian herria dagoela azpimarratu du. “Kataluniakoa herritik sortutako mugimendu baketsua, zibila eta integratzailea da, legalitatearen aldeko apustua egiten duen mugimendu demokratikoa”, azaldu du.

Ildo horretan, Kataluniako prozesu soberanistaren gako nagusiak "hautetsontziak eta Legea" direla esan du: “Hautetsontzietan hasi eta amaitzen da dena”.

“Estatu espainolak errekonkista batean bezala kolpatzen gaitu; Justizia lotsarik gabe politizatu dute eta politika epaitegien bidez egiten ari dira”, salatu du.

Masen arabera, askotan saiatu dira Estatuarekin akordio bat bilatzen, baina ezinezkoa izan da. Hortaz, aukera bakarra Kataluniak Europan estatu propioa izatea dela nabarmendu du.

“Mediterraneoko Danimarka eraiki nahi dugu, horretarako belaunaldi bat beharko badugu ere”, adierazi du.

Estatu propioa izatea posible dela ziur agertu da eta horretarako ezinbestekotzat jo du “erabakitzeko eskubidea gauzatzea”. “Bataila hori irabazi dugu; izan ere, bozkatzea irabaztea da”, azpimarratu du.

Ildo berean, “batasun politikoa eta herritarren mobilizazioa” beharrezkoak direla esan du.

Hirugarren gakoa galdeketan gizartearen gehiengoaren babesa izatea dela adierazi du, eta herritarrek erabakitzen dutena errespetatu egingo dutela ziurtatu du, emaitza independentziaren aldekoa izan edo ez.

“Ez dakigu gehiengo nahikorik izango dugun Kataluniako Estatua sortzeko, baina badakigu hurbil gaudela”, erantsi du.

Amaitzeko, prozesu soberanistak arrakasta izateko laugarren gakoa “nazioarteko komunitatearen aitortza” dela esan du, babes hori “pixkanaka” lortzen bada ere.

Ibarretxe: “Aldaketa hemen da”

Kataluniak independentziara bidean emandako urratsei dagokienez, ez dela aldebakarrekotasunik egon ziurtatu du Ibarretxek. Hala, “beste aldeak hitz egiteko asmorik izan ezean ezin da horretarako asmatu duten kontzeptu ustelik erabili”, gaineratu du.

Halaber, Kataluniak Euskal Herriaren babesa izango duela nabarmendu du Ibarretxek. Ildo horretatik, erabakitzeko eskubideak “sakabanatzeko barik batzeko balio du”, esan du. Hala, galdeketak demokrazia baliatzeko egiten direla ziurtatu du.

Horrez gain, “aldaketa garaia” dela nabarmendu du Ibarretxek, eta erabakitzeko eskubideak aurrera egin ezean, arazoa Euskadin edo Katalunian sortu delako izango dela esan du. Ondorioz, independentziarako bidea elkarrekin egitea proposatu, eta 2030erako Euskal Herria independentea izango dela gaineratu du, “Eskozia, Flandes edota Quebecekin batera”.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena