Politika
Herri Biltzar Estatala
Agentziak
Alderdi moreak asteburu honetan erabakiko du bere etorkizuna eta Iglesiasen eta Errejonen arteko lehia ebatziko du.
Iñigo Errejon eta Pablo Iglesias, aurrez aurre biltzarrean. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Podemosek Madrilgo Vistalegre jauregian Vistalegre II deitutako bere bigarren Herri Biltzar Estatala egingo du asteburu honetan. Bertan, alderdiaren etorkizuna dute beren eskuetan oinarriek, baita duela hilabete batzuetatik Pablo Iglesias idazkari nagusiaren eta Iñigo Errejon idazkari politikoaren artean dagoen ika-mikaren amaiera ere.
455.000 lagun inguruk larunbat arratsaldeko 20:00ak arte bere daukate boza emateko aukera (biltzarraren lehendabiziko egunarekin bat eginda), honako gai hauen inguruan erabakitzeko: norabide politiko berria, antolatzeko eredua, kode etikoa, alderdia feminizatzeko estrategia, Herritar Kontseilu Estatala (biltzarren artean dagoen zuzendaritza organo nagusia) osatuko duten 62 kideak nor izango diren eta idazkari nagusiaren izena.
Gatazka gogorra
Iglesiasek eta Errejonek atal guztietan lehiatzen dute idazkari nagusiarenean izan ezik. Nahiz eta bakoitzaren proiektuak uztartu eta zerrenda bakarra aurkezte aldera negoziatzen saiatu ziren, ez zen posible izan, eta horrek alderdiko bi sektore nagusienen artean kanpaina gordina egotea ekarri du.
Horrenbestez, alderdi moreko burua eta legebiltzarreko bozeramailea elkarrengandik inoiz baino aldenduago helduko dira asteburuko hitzordura, bien artean akusazio gogorrak gurutzatu ostean alderdi barruko kanpainan zehar. Kanpaina horretan agerian geratu dira bien artean dauden desadostasun estrategiakoak zein pertsonalak, baina, batez ere, bakoitzaren lantaldeen artean daudenak. Alderdiko hirugarren sektorea antikapitalistek osatzen dute, eta norgehiagoka horretan alde batera geratzea erabaki dute, eta, agian, etekina lor dezakete bertatik.
Iglesiasek aurreratu duenaren arabera, idazkari nagusiaren postuari eutsiko dio, baldin eta bere proposamenak eta zuzendaritzarako bere zerrenda garaile ateratzen badira (bozketan independenteak dira). Dena den, idazkari nagusi gisa errepikatuko duela egintzat jotzen da, horretara aurkeztu den pisuzko hautagai bakarra baita (Juan Ignacio Moreno Yagüe diputatu andaluziarraren aurka besterik ez da lehiatuko). Alabaina, Iglesiasek adierazi du, Errejonen zerrendak eta proposamenek irabazten badute, bera izan beharko dela alderdiaren buru "bai aala bai".
Aitzitik, idazkari politikoak uneoro ukatu du Iglesiasi alderdiko buruzagitza kendu nahi dionik; are gehiago, bere kanpainako ardatz bihurtu du Iglesiasekin batera osatzen duen bikotearen defentsa. Horrela, Iglesiasentzat eskatu du boza idazkari nagusiaren hautaketan, eta, aldi berean, bere lantaldearen alde egitea Herri Kontseilurako bozketan.
Baina, azkenerako, Iglesiasek plebiszitu bihurtu du asteburuko biltzarra; izan ere, gainerako bozketetan ez badu irabazten, idazkari nagusiaren kargua utziko duela adierazi du, eta, agian, baita Diputatuen Kongresuko eserlekua ere.
Giro horretan dator Vistalegre IIko biltzarra, bakoitza bere estrategia politikoak gogor defendatuta: Iglesiasek nahi duena da Podemosek erakundeetan zein kalean, gizarte gatazketan, tentsioari eutsi diezaiola; Errejonek, berriz, ez du Podemos protesta hutsean murgilduta ibil dadila, baizik eta une honetan dagoeneko baliagarriak direla eta PPri garaipenak kendu diezazkiokeela erakuts dezala.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa