Politika
manifestazioa Bilbon
eitb.eus| Agentziak
'Euskal Presoak Euskal Herrira. Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean milaka lagun batu dira Bizkaiko hiriburuko kaleetan.
Albisteak (2)
Jendetza handiak egin du bat 'Euskal Presoak Euskal Herrira. Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean Bilboko Casilla Plazatik 17:50 inguruan abiatu den manifestazioarekin, presoen eskubideen aldeko aldarriari babesa emateko asmoz.
Euskal presoen aldeko manifestazioa Bilbon. Argazkia: EiTB
Martxa antolatu duen Sare herri-plataformaren arabera, gaur arratsaldeko ekimenak "ziklo berri bat" abiaraziko du. Hala, eragile politikoek kartzela-zigorra aldatzeko beste urrats bat eman behar dutela uste dute.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak goizean azpimarratu duenez, Bilboko manifestazioa ekimen "anitza" da, eta ez ezker abertzalearen ekitaldi bat; eta horren adierazletzat "ideologia politiko askotariko" hamahiru pertsona izan dira pankartari eusten: Joseba Azkarraga eta Bego Atxa (Sare); Juan Mari Olano eta Mertxe Galdos preso ohiak; Gentzane Callejo, larriki gaixorik dagoen Jagoba Codo presoaren senidea; Alice Leiciaguezahar (Bagoaz); Alaia Martin eta Unai Iturriaga bertsolariak; Xabier Morras margolaria; Ramon Zallo EHUko Komunikazio katedraduna; Elisabete Bizkarralegorra abokatua; Edurne Brouard, GALek hildako Santi Brouarden alaba; eta Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxearen alarguna.
Halaber, manifestariek hatz erakuslea luzatuta eta gainerakoak itxita zituen esku bat irudikatzen zuen milaka kartel eraman dituzte, eta bertan "Salatzen dut" irakur zitekeen.
Euskal presoen aldeko manifestazioa Bilbon. Argazkia: EiTB
Urte berriaren hasierarekin batera urtero egiten den manifestazioan EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako (Sortu, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba) ordezkariak egon dira. Horiekin batera Ahal Duguko idazkari nagusia den Nagua Alba ere bertan izan da, baina bere kabuz, alderdia ordezkatu gabe. Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuko idazkari nagusiek ere martxa babesten izan dira, ERC eta CUPeko zenbait kiderekin batera.
Horrela, Maddalen Iriartek, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, manifestazioari ekin aurretik egindako adierazpenetan azaldu duenez, "gaur protagonismoa hona etorri diren gizon-emakumeek dute, guztiek ozen esango baitute giza-eskubide guztiak aldarrikatzen dituztela, horien artean presoen dauden gizon-emakumeenak ere".
Horrez gain, mobilizazioan parte hartu ez dutenei zuzendu zaie eta ariketa bat egiteko eskatu die: "begiratu diezaietela gaur hona etorritako familiartekoei begietara eta esan diezaietela zergatik egin behar dituzten astero-astero milaka kilometro eta zergatik jaso behar duten haiek ere zigor hori. Horregatik etorri da gaur EH Bildu manifestazio honetara".
Bere aldetik, Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak EAJri eta Eusko Jaurlaritzari manifestazioan parte hartu ez izana aurpegiratu die. Bere aburuz, manifestazioarekin bat egin izan balute, dispertsioaren amaiera "hurbilago legoke". Horrez gain, sinetsita agertu da "herriaren eta erakundeen inplikazioarekin, Euskal Herriak bakea eta presorik eta errefuxiaturik gabeko etorkizuna" ezagutuko duela.
BIDEOA: Hainbat ordezkari politikok eta sindikalek manifestazioaren aurretik egindako adierazpenak.
"Urte erabakigarria"
Bizkaiko hiriburuko kale esanguratsuenetako batzuetatik pasatu osten, Bilboko udaletxe aurrean amaitu da manifestazioa. Bertan, Nerea Alias eta Andoni Aizpuruk adierazpen bat irakurri dute euskaraz zein gaztelaniaz. Adierazpen horretan herritarrei eskatu diete "Madrilen eta Parisen zein Espainiako eta Frantziako espetxeetan" euren buruak entzunaraz, sentiaraz eta ikusaraz ditzatela. "Jakitera eta entzutera eman nahi dugu, gaur, orain, une honetan bertan, euskal presoen eskubideak urratzen ari direla", azaldu dute.
Saretik "aurtengoa urte erabakigarria izatea" espero dute, eta, gaineratu dutenez, "euskal gizarteak presoen eskubideen errespetua eskatzen du eta gatazkaren konponbidearen aldeko urratsak eman daitezela".
Bestalde, gaurkoa aldarrikapen horiek egiteko antolatuko duten azken manifestazioa izateko esperantza azaldu dute; izan ere, beren xedea da "2017a konponbidearen eta bakearen urtea izatea".
Horren aurrean, "politikan oinarritu beharrean mendekuan oinarritutako jarrerak" dituzten pertsonak salatu dituzte, eta, aldi berean, "preso guztiak Euskal Herrira itzuli arte aurrerapausoak ematen jarraituko dutela nabarmendu dute.
BIDEOA: Manifestazio amaierako adierazpenaren irakurketa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa