16:57

Politika

Inbestidura saioa

EAJ-PSE Gobernuarekin kolaboratzeko deia egin dio Mendiak oposizioari

Agentziak | Erredakzioa

Idoia Mendiak aitortu du euskal gizartearen gehiengoak autogobernua berritzea eskatzen duela, baina erantsi du hori ez dela Alderdi Sozialistaren "premietako bat".

1:05
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJk eta Alderdi Sozialistak osatuko duten Eusko Jaurlaritza berriarekin “elkarlanean” aritzeko eta “ideiak proposatzeko” eskatu dio Idoia Mendiak oposizioari, “blokeoan geratu beharrean”.

Lehendakaria izendatzeko lehen saioan, PSE-EEko idazkari nagusiak EAJrekin sinatu berri duen Gobernu akordioa defendatu du.

Mendiak onartu du sozialistek eta jeltzaleek ez dutela gehiengo absoluturik Legebiltzarrean, baina ukatu egin du ituna “hankamotza” edo “ez-nahikoa” denik, eta, ildo horretan, gogora ekarri du Trantsizio garatik izan diren Eusko Jaurlaritza guztiak gutxiengoa osatu zirela.

Nolanahi ere, oposizioko taldeen konfiantza lortzeko ahalegina egingo duela esan du, Eusko Jaurlaritzaren egitasmoetan parte har dezaten, “blokeorako proposamen soilak egitea saihestuta”.

Gobernu akordio honekin sozialistak eta jeltzaleak ez direla “guztiz asebete” esan du, “baina bi alderdiok lehenetsi egin dugu egonkortasuna eta ziurtasuna eskaintzea gizarteari, herria guztion artean eraikita”.

“Elkarrizketa aro berria bat ireki dugu Euskadin eta helburu konpartitu horrekin bat egiten duten guztiak gurekin bat egitea nahi dugu”, esan du.

Alderdi Sozialista Jaurlaritzan egonda, EAJk gobernu-programa betetzen duela bermatuta egon dela ziurtatu du.

Mendiak EAJrekin egindako itunaren ildo nagusiak laburbildu ditu: zerbitzu publikoen mantentzea, ekonomia suspertzea, kalitatezko enplegua sortzea, autogobernua hobetzea eta bizikidetza sendotzea.

Autogobernua

Autogobernuari dagokionez, Mendiak esan du autogobernua berritzearen beharra babesten duela euskal gizartearen zati handi batek, “nahiz eta bere premietako bat ez den”. Legebiltzarkide sozialistak ohartarazi duenez, autogobernuan sakontzeko lan horrek Eusko Legebiltzarreko talde “guztien zeregina” izan behar du eta, horrez gain, bide seguruak ezarri behar dira helegiteek Gobernuaren lana behin eta berriz geldiarazi ez dezaten.

Elkarbizitzaren alorrean, ezer baino lehen eta ezinbestean, ETAren disoluzioa beharrezkoa dela azpimarratu du. Horrez gain, eskubideen urraketak justifikatzeko arrazoi politikorik eta estatu arrazoirik ez zegoela partekatu behar dela adierazi du, urraketa horiek ETAk edo beste talde terrorista batek egindakoak edota Poliziak egindako izan.

Mendiaren esanetan, etorkizuneko Eusko Jaurlaritzak beste hainbat gai ere jorratuko ditu: gizartearen zahartzea, emakumea ekonomian bete-betean sartzea, etxebizitzarako eskubidea zabaltzea, lan istripuak murriztea, gizarte eztabaida bultzatzea, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egitea, eta klima aldaketaren, indarkeria matxistaren eta pobrezia energetikoaren kontra borroka egitea.

Erronka horiei aurre egiteko gainerakoekin hitz egitea beharrezkoa dela azpimarratu du Mendiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena