11:15

Politika

Inbestidura saioa

Urkullu: 'Euskadi nazioa da, eta errekonozimendu hori eman behar zaio'

E.G. | EITB.EUS

Enplegua sortzea "lehentasuna" dela azpimarratu du jarduneko lehendakariak, eta "lankidetza eta akordioa" eskaini dizkie gainerako alderdiei.

2:00
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren hautagaiaren iritzian, "enplegua sortzea da gizarte politika onena", eta horixe izango da, hain justu, haren gobernuaren jardunaren ardatzetako bat.

Inbestidura saioan, hitzaldia eskaini du Urkulluk, eta PSE-EEk eta EAJk adostutako gobernu itunaren lau oinarriak azaldu eta defenditu ditu: hau da, giza garapena, gizarte kohesioa, berdintasuna eta kalitatezko zerbitzu publikoak; enplegua eta jasangarritasuna; bizikidetza eta giza eskubideak; eta autogobernu gehiago eta hobea.

Hautagai jeltzaleak Agirre lehendakariaren gobernua gogoratuz ekin dio agerraldiari, eta haren espiritua bere egin du. Bertan nabarmendu duenez, "eraberritutako ilusioarekin" azaldu da gaurko saiora, lehendakari izateak dakarren "erantzukizunaz" jakitun. Datozen lau urteetarako asmoen berri eman du ondoren.

Arlo ekonomikoan, hazkundeak eta enpleguaren sorrerak "lehentasun" izaten jarraituko dutela esan du Urkulluk. Bere asmoa langabezia tasa % 10etik behera kokatzea da; "hori da gure erronka", azpimarratu du. Jarduneko lehendakariaren hitzetan, helburu hori betetzeko "gure inbertsio ahalmena hobetu eta industria iraultza berri bati aurre egin behar diogu".

Ildo berean, "herri bidezko eta lehiakor" baten aldeko konpromisoa berretsi du EAJren hautagaiak, eta lehendakari aukeratzen badute, "gizarte politikak bermatzen jarraitzeko" lan egingo duela hitzeman du: "Pobrezia tasa % 20 jaitsi behar dugu".

PSE-EErekin adostutako akordioa "herri akordioa" da

Urkulluren esanetan, EAEko hauteskundeetan EAJk lortutako emaitzek "legitimotasun osoa" ematen diote bere hautagaitza aurkezteko, baina babesak ez dira "nahikoa", aitortu du.

Hain justu, PSE-EErekin lortutako itunak "gobernuaren jardunari egonkortasuna" ematen dio, Urkulluren iritzian, eta erdietsitako akordioa "herri akordioa" dela azpimarratu du, eta Andoni Ortuzar alderdikideak eta Idoia Mendia Euskadiko sozialisten buruak egindako "esfortzua" eskertu ditu.

Dena dela, "babesak lortzeko etengabeko lanari" jarraiki, "apaltasunez", "lankidetza eta akordioa" eskaini dizkie gainerako alderdiei. "Elkarrizketa politikoari eutsiko diogu eta akordioa bilatuko dugu Euskadik aurrera egin dezan", nabarmendu du.

Iñigo Urkullu lehendakari inbestidura saioa. Maddalen Iriarte. EFE

Autogobernua

Urkulluren aburuz, "autogobernua funtsezkoa da Euskadiren erakundetzean, eta dugun ongizate maila azaltzeko balio du". Hori horrela, autogobernua "hobetzeko, eguneratzeko eta osatzeko elkarrekin lan egin behar dugu", azpimarratu du.

Bide horretan, "elkargunea" topatu behar dela esan du jarduneko lehendakariak. Izan ere, "adostutako konponbidea baino hoberik ez dago", bere ustez. Urkulluk printzipio hauek izango ditu lege datozen urteetan: "legeari errespetua, erabakitzeko eskubidea eta, errealitate anitza aitortuta, elkargune bat topatzea".

Estatuari eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteari zuzenduta, "Euskadi nazio bat da, errekonozimendu hori eman behar zaio eta aldebikotasun eraginkor batez hornitu", adierazi du Urkulluk. EAJren lehendakarigaiaren esanetan, Gernikako Estatutua berritu beharra dago, legezko baliabideak erabilita, eta bide horretan Estatuaren, alderdi politikoen eta erakundeen "kolaborazioa" beharrezkoa dela nabarmendu du.

Urkulluk "kezka" agertu du Espainiako Gobernuak erakutsitako "zentralizazio" jarrerarekin, eta "elkarlana" eskatu dio. Lehendakarigaiak nabarmendu duenez, "ez dugu gauzatu ezin den jarrerarik defenditu, eta aurrerantzean ere ez dugu egingo".

"Euskadik bizikidetza esparru berri batean aurrera egiteko beharra du, aurrena Legebiltzarrak adostu behar duena, gerora euskal gizarteak berretsi dezan", gaineratu du.

Lau erronka

Hitzaldiaren amaieran, datozen urteetarako lau erronka nagusi aipatu ditu Urkulluk: hezkuntza ituna erdiestea; demografiaren erronkari aurre egitea eta gazteriaren alde egitea; Euskadiren berrikuntza gauzatzea; eta herri baten proiektu partekatua lortzea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena