08:29

Politika

Bigarren bozketa

Rajoy presidente izendatuko dute gaur, PSOEren abstentzioarekin

Agentziak | Erredakzioa

Pedro Sanchezek, bestalde, diputatu eserlekua utzi du, eta PSOE berreskuratzeko lanean hasiko dela iragarri du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy PPko hautagaia Espainiako Gobernuko presidente izendatuko dute gaur, PSOEko Batzorde Federalak onartutako abstentzioarekin. Litekeena da dozena bat diputatu sozialista abstentzio horren kontra azaltzea eta ezezko botoa ematea. Horri, gainera, Pedro Sanchezen jarrera gehitu behar zaio. Hain zuzen ere, Sanchezen erabakia zen eguneko zalantza nagusienetako bat, eta berau argitzeko agerraldia egin du eguerdian Diputatuen Kongresuan. Bertan adierazi duenez, Kongresuko eserlekua utzi du.

Edonola ere, Espainiako presidente gisa bukatuko du Rajoyk eguna, aurrera egin ez zuen aurreko beste inbestiduraren ostean. Gainera, legeak markatzen duen epe-muga bukatzear izendatuko dute: urriaren 31n bukatuko da ezarritako bi hilabeteko epea.

PSOEren taldean izango diren abstentzioak nahikoa izango dira PPren burua baiezko 170 botorekin berriz ere presidente izendatzeko. Aldeko botoa emango dute PPren 137 ordezkariek, Ciudadanosek (32) eta Coalicion Canaria alderdiko ordezkariak.

Baiezko boto kopuru hori berau lortu zuen Rajoyk abuztuaren 31ko, irailaren 2ko eta joan den osteguneko saioetan; baina orduan ezezkoak gehiago izan ziren (180) eta, ondorioz, hautagaitzak ez zuen aurrera egin. Gaurkoan, berriz, PSOEren abstentzioak egoera desblokeatuko du.

Izan ere, Konstituzioan zehazten denez, bigarren bozketan baiezkoen gehiengo sinplea behar da, eta lehenengoa egin eta 48 ordura deitu behar da.

Saioa 18:30ean hasiko da, eta ordu bateko eztabaidarekin abituko dute. Hautagaiak 10 minutu izango ditu eta gainerako bozeramaileek, berriz, bost minutu.

Bozketa, berriz, parlamentariei egindako deien bitartez egin dute, ordena alfabetikoan.

Sanchezen agerraldia

Pedro Sanchezek Kongresuko diputatu akta utzi du larunbat honetan, Batzorde Federalaren mandatuari ez desobeditzeko. PSOEren buru ohiak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, hunkituta, eta bertan iragarri du ez duela politika utziko. ''Ez dut politika utziko; horri ekingo diot berriz, beste militante bat bezala'', esan du.

Hala, Sanchezek aurreratu du PSOEren alde lan egiten hasiko dela, militanteei ''PPtik aldendutako PSOE autonomo'' bat itzultzeko. ''Astelehenetik aurrera autoa hartuko dut berriz, Espainiako txoko guztietara joan eta entzuna izan ez den jendeari entzuteko'', esan du.

Sanchezek azaldu duenez, akta utzi du Batzorde Federalak agindutako abstentzioa bete behar ez izateko, erabaki horrekiko ''erabateko desadostasunagatik''. ''Ez naiz nire alderdiaren kontra joango, ezta nire hauteskunde-konpromisoaren aurka ere'', azaldu du.

Atsekabea agertu du Batzorde Kudeatzaileak ''gutxieneko abstentzioaren alde'' egin ez duelako, horrek arratsaldean izango den zatiketa ekidingo zuelako, Sanchezen hitzetan. Halaber, egin ahal izan dituen akatsengatik barkamena eskatu ostean, Batzordeari eskatu dio gaur ezezkoaren alde egingo duten diputatuak ez kaleratzea, eta PSCrekin ez haustea.

''Inguratu Kongresua''

Larunbat honetako albistea ez da soilik Diputatuen Kongresu barruan egongo. Kanpoan ere manifestazioa deitu dute hainbat erakundek, ''Inguratu Kongresua'' lelopean. Antolatzaileen arabera, gaur irtengo den Rajoyren Gobernua ''ez da legitimoa''. Protestak Madril hiriko erdigunea hartuko du, eta Solen bukatutako dute.

Unidos Podemos koalizioko hainbat ordezkarik ere bat egiteko asmoa dute, bozketa amaituta.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena