11:18

Politika

bake prozesua

Foro Soziala, Aieteko urratsen atzetik

eitb.eus

Bilera egingo du larunbat honetan, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean bertan, duela bost urte abiatutako bakebideari bultzada emateko asmoz.

  • Aieteko Bake Konferentziaren adierazpena. Argazkia: EiTB

    Aieteko Bake Konferentziaren adierazpena. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Duela bost urte, 2011ko urriaren 17an, Donostiako Aiete jauregian egin zen Nazioarteko Konferentzian, nazioarteko hainbat adituk bost puntuko adierazpen bat aurkeztu zuten, Aieteko Adierazpena. Bertan, besteak beste, bi eskari egin ziren: ETAri borroka armatua utz zezala, bata, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin soilik "gatazkaren ondorioei buruz" eztabaida zezatela, bestea.

Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak irakurri zuen adierazpena, aldamenean hauek zituela: Kofi Annan, NBEko idazkari nagusi ohia; Gro Harlem Bruntland, Norvegiako lehen ministro ohia; Gerry Adams, Sinn Feineko buruzagi ohia; Pierre Joxe, Frantziako Barne ministro ohia, eta Jonathan Powell, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren Gobernuan kabineteburu izandakoa.

Honako hauek dira Ahernek irakurritako Aieteko Adierazpenaren muina osatzen duten bost puntuak:

1. "ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko".

2. "Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko".

3. "Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.".

4. "Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako.

Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke".

5. "Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu".

Adierazpen hori egin eta hiru egunen buruan, 2011ko urriaren 20an, ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitu duela iragarri zuen adierazpen historiko batean.

Bi mugarri horien bosgarren urteurrenarekin bat eginez, larunbat honetan Euskal Herriko bake-prozesua indartzeko bokazioarekin jaio zen Foro Soziala bilduko da Aieteko Bakearen Etxean. Foroak izaera iraunkorra hartuko du, eta larunbatean horren aurkezpen ofiziala egingo dute hainbat "erakunde eta jende sonaturen" partaidetzarekin. Oraintsu egindako adierazpen batean defendatu duenez, Aieten zehaztutako "ibilbide-orriak erabat baliagarria izaten jarraitzen du".

Aipatu sarearen nondik norakoak emateaz gain, larunbateko hitzorduan mugimendu horrek azken hilabeteetan egindako lanari buruzko txostena ere aurkeztuko du, "armagabetze-prozesu bat nola gauzatu" behar den azaltzen duena, hain zuzen ere.

Bake Bidea eta Lokarri taldeen ekimenez jarri zen abian Bake prozesua indartzeko Foro Soziala, eta Euskal Herriko eta nazioarteko eragileak biltzen dira bertan; besteak beste, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko bitartekariak, Brian Currin abokatu hegoafrikarra tartean. Larunbateko hitzorduan ere izango da Currin, Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusi izandakoarekin eta Alberto Spektorowski irakasle israeldarrarekin batera. Alderdi politikoei dagokienez, EAJk, EH Bilduk eta Podemosek hitzorduan izango direla iragarri dute. PPk eta PSE-EEk, berriz, ez dute ordezkaritzarik bidaliko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena