14:12

Politika

Ikerketa

'Naparra' Mont-de-Marsandik gertu egon daiteke lurperatuta

Agentziak | Eitb.eus

Senideek kasua berriz irekitzea eskatu dute, eta 'zentzuzko esperantzak' dituzte Batallon Vasco Españolek baitu eta erail zuen Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' zenaren gorpuzkiak aurkitzeko.

1:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, eta haren bahiketa eta erailketa Batallon Vasco Españolek hartu zituen bere gain, eta bere familiak haren desagertzearen auzia berriz irekitzea eskatu die Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalari; izan ere, "isilpeko" iturri batek "Estatu terrorismoari" eta halako ekintzak egin zituztenei buruzko informazio berriak eman ditu. Horien arabera, Mont-de-Marsan (Frantzia) herritik gertu erail eta lurperatu zuten, eta bertan leudeke haren gorpuzkiak.

Euskal Memoriaren Fundazioak Donostian egindako prentsaurrekoan, Eneko Etxeberriak (Jose Miguel Etxebarriaren anaia) Iñigo Iruin familiaren abokatuak eta Paco Etxeberria forentseak xehetasunak eman dituzte Komando Autonomo Antikapitalistak taldeko kide zen 'Naparra'ren auzia berriro irekitzeko eskaeraren nondik norakoen gainean. Auzitegi Nazionalak 2004an artxibatu zuen, Etxeberria 1980ko ekainaren 11n Ziburun desagertu zenetik 36 urte igaro ostean.

Iruinek gogoratu duenez, 1980ko ekainaren 21aren eta abuztuaren 2aren artean Batallon Vasco Españolek bost aldarrikapen egin zituen 'Naparra'ren bahiketa eta erailketa bere gain hartuz, eta hainbat leku aipatu zituen non zegoen lurperatu azaltzeko. 1982an, Baionako instrukzio epaitegiak eginbideak artxibatu zituen, eta "gertaerak preskribatu egin zitezkeen arriskuaren aurrean", familiak kereila bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, baina artxibatu egin zuen 2004an.

Abokatuak adierazi duenaren arabera, kereila hori aurkeztu izanak auzia Espainian "preskriba zedila eten zuen", baina ez Frantzian (bertan 1992tik baitago preskribatuta), eta horrek "ikertzen jarraitzea ahalbidetzen du".

NBE, jakitun

Horrez gain, kasua Nazio Batuen Erakundeko behartutako desagertzeen goi komisarioari jakinarazi zioten, eta ostiral honetan auzia berriz irekitzeko idazkiak aurkeztu dituzte Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren aurrean Etxeberria non dagoen lurperatuta dioten "datu berriak eta erreferentzia zehatzak" baitituzte.

Ildo horretatik, datu berriak Iñaki Errazkin kazetariak eman dizkiela azaldu du, eta hark "Latinoamerikan bizi den Espainiako isilpeko iturri batetik" eskuratu dituela. Dirudienez, aipatu iturriak "Estatu-operazioekin edota, gutxienez, haiek gauzatu zituzten prestonekin lotura izan zuen".

Iruinek azaldu du joan zen urteko abenduan eman zizkiela Errazkinek hasierako informazioak. Bere iturriak konpromisoa hartu zuen 'Naparra' non dagoen lurperatuta baieztatuko zuketen informazioa emateko, baina hori ez zen gertatu "hitzartutako epearen barruan". Ekainean, kazetariak Iruini jakinarazi zion datu zehatzagoak eta datu horiek egiaztatzen zituzten dokumentuak zituela. Horren aurrean, familiak Euskal Memoria Fundazioa eta Paco Etxeberriarekin jarri zen harremanetan tokia aurkitzeko asmoz, eta "arazorik gabe" egin ahal izan dute hori.

Horren inguruan adierazi du tokia Frantziako Mont-de-Marsan herrian dagoela, desagertzea gertatu zen Ziburutik "ordu bat eskasera", "haritzez betetako gune batean". Informazio hori guztia txosten batean bildu du Paco Etxebarriak, eta Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalari eman zaie. Iruinek jakinarazi duenez auzitegiko Ismael Moreno epailearekin dagoeneko bildu dira, eta haren erabakiaren zain daude. Abokatuak gaineratu du Baionako fiskalarekin ere bildu zela, baina nola Frantzian egintzak preskribatuta dauden, Espainiako Justiziara jotzea gomendatu zion hark.

'Zentzuzko esperantza'

Iruin berak agertu du, dituzten datuen "sinesgarritasuna ikusita", familiak "zentzuzko esperantza" duela hura aurkitzeko, nahiz eta "zuhurtziaz" jokatu behar den. Aitzitik, onartu egin du zaila izango dela Etxeberria "bahitu eta hil zutenak aurkitzea".

Dena dela, "Estatu-terrorismo egintza dela" berresten dela azpimarratu du, eta behartutako desagertzeen 2006ko nazioarteko konbentzioaren arabera, Estatu taldeek edota Estatuak berak babestutako norbanakoek egindako "behartutako desagertzetzat" jo daitekeela, eta, horrenbestez, familia "terrorismoaren biktima" gisa hartu beharko litzatekeela. Gogoratu duenez, Gobernu zentralak bi aldiz ukatu du adierazpen hori.

Prozedurari dagokionez, Justiziaren arloan epeei buruz hitz egitea "espekulatzea" litzatekeela esan du, baina eskatutako eginbideak azaroaren bigarren hamabostaldirako eginda egotea espero du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena