Politika
Krisia PSOE-N
Agentziak | Erredakzioa
Primarioak eta berehalako kongresu bat deitu ala ez erabakitzeko bozketa galdu ostean, PSOEren orain arteko idazkari nagusiak dimisioa eman du.
Primarioak eta berehalako kongresu bat deitu ala ez erabakitzeko bozketa galdu ostean, PSOEren orain arteko idazkari nagusiak dimisioa eman du.
Pedro Sanchezek galdu egin du primarioak eta berehalako kongresu bat deitzea erabakitzeko bozketa: 133 kontrako boz jasoditu eta 107 aldeko. PSOEko Batzorde Federala, azkenik, eskua altxatuta bozkatu du Pedro Sanchezek hala proposatuta. Bozketa gaurko Batzorde Federalean parte hartzen ari diren 253 kideei banaka dei eginda egin dute.
Aurretiaz, Batzorde Federaleko Mahaiak uko egin dio sektore kritikoak PSOEko idazkari nagusiaren aurka aurkeztutako 129 sinaduraz babestutako zentsura mozioa.
Botazioa, bertan behera
Hainbat orduko blokeoa eta gero, PSOEren Batzorde Federalak ezohiko kongresua egin ala ez bozkatzea erabaki du, boto sekretu bidez. Alabaina, azkenean bertan behera utzi dute sektore kritikoak botoa emateari uko egin diolako; izan ere, haien aburuz, bozketa Batzorde Federaleko Mahaiaren kontrolik gabe eta inpugna zitekeen erroldarik gabe zegoen martxan, eta "tranpati" eta "iruzur" oihuak entzuten hasi dira.
Horrez gain, kritikoak sinadurak biltzen hasi dira Batzorde Federaleko kideen artean, Pedro Sanchezen aurkako zentsura mozio bat aurkezteko asmoz, hark kargua utz dezan behartzeko.
Pedro Sanchezen eskaintza
PSOEren Batzorde Federala 14:00etan abiatu da, ia bost ordu eta zenbait etenaldiren ostean. Ordura arte, ez zuten ados jartzea lortzen zeri buruz hitz egin behar zuten adostu eta nork bozka zezakeen erabakitzek. Hori dela eta, bilera blokeatuta egon da.
Egoera hori ikusita, asteazkenean dimisioa eman zuten militanteei Exekutiba Federalera itzultzeko deia egin die Pedro Sanchezek bilkuran, astelehenean bilera egin eta datorren larunbatean (urriak 8) ados jartzeko asmoz Batzorde Federala antolatzeko. Kritikoek, ordea, ezetz esan dute, "jada idazkari nagusia ez denez, Sanchezek ezin duelako halakorik egin".
Bestalde, Susana Diaz Andaluziako presidenteak zera eskatu du: alderdiaz arduratuko den gestora bat izendatzea, Pedro Sanchez eta jarduneko zuzendaritzaren ordez. Ferrazek ezetz esan eta gero, Etika eta Bermeen Batzorde Federala bildu eta Batzorde Federalari txostena igorri arte itxarotea proposatu du.
Tentsio-giroa nagusi
PSOEren Batzorde Federalak gaur erabaki behar zuen alderdiaren etorkizuna. Bi aukera zeuden: batetik, Pedro Sanchezek agintean jarraitzea eta proposatutako barne-hauteskundeak eta kongresua antolatzea; edo bestetik, lider sozialistaren aurkarien proposamena onartuz gero, Sanchez baztertu eta beste talde kudeatzaile bat izendatuko litzateke, Batzar Federala egin arte. Azken urrats hori estatu espainiarreko gobernua osatu ondoren gauzatuko litzateke.
Pedro Sanchez kotxez iritsi da PSOEren egoitzara, eta ez du adierazpenik egin. Ferraz kaleko trafikoa eten egin dute sozialisten bilera dela eta. Ehun militante inguru bildu dira eraikinaren atarian, idazkari nagusia babesteko.
Alderdiaren talde gorenaren bileraren atarian, tentsioa izan da nagusi Sanchezen aldeko eta kontrako militanteen artean. Zuzendaritzako 17 kidek dimisioa eman zuten joan den asteazkenean, eta orduz gero, banaketa areagotu egin da.
Ostiral gauean iragarritakoaren arabera, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak dimisioa emango luke, gaurko Batzorde Federalak Mariano Rajoy PPko buruaren balizko inbestidura saioan abstenitzea erabakiko balu.
Batzorde Federala hasi aurretik, Patxi Lopez PSOEren Ekintza Politikora idazkariak "lasaitasunez", "zuhurtziaz" eta "zentzuz" jokatzea eskatu du. Aldi berean, hiritarren arazoei erantzun eta konponbidea emateko eztabaida izatea espero du.
Militanteak, haserre
50 bat militante bildu dira PSOEren egoitzaren atarian, Sanchezi babesa adierazteko. 'Traidoreak', 'kolpistak' edo 'tejeroak' oihu artean hartu dituzte PSOEren sektore kritikoko hainbat kide, besteak beste, Eduardo Madina eta Maria Barreda.
"Ezetz ezetz da" edota "Baroiei, ez. Demokraziari, bai" leloak ere oihukatu dituzte. Orduek aurrera egin ahala militante gehiago batzea dago aurreikusita, sektore kritikoaren aurrean haserrea adierazteko.
Ferrazera iritsi diren aurrenetakoak Cesar Luena jardunean dagoen PSOEren Antolakuntza idazkaria, Susana Diaz Andaluziako presidentea edota Veronica Perez Batzorde Federaleko burua izan dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa