Politika
Negoziazioak
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, Podemos eta Ciudadanosi eskatu die "betoak alde batera uzteko".
Pedro Sanchez, larunbat honetan. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak berretsi du, larunbat honetan, Mariano Rajoyren inbestidurarako ezezkoari eutsiko diola, "amaierara arte"; halaber, "eskuzabaltasuna" eskaini die Podemos eta Ciudadanosi, Espainian "aldaketa" bermatzeko gaitasuna duen Gobernu alternatiboa osatzea xede.
"Guztiok izan behar gara eskuzabalak, eta aldaketaren indarrei esaten diet PSOE eskuzabala izateko prest dagoela, Mariano Rajoyren Gobernuari amaiera emateko", nabarmendu du PSOEko liderrak. Sanchezek eskatu ere eskatu die aipatutako indarrei "betoak alde batera uzteko".
PSCren Arrosaren Jaian parte hartu du gaur Sanchezek, Gavan (Bartzelona), 15.000 bat jarraitzaileren aurrean, antolatzaileek emandako datuen arabera.
PPk Gobernuan jarraitzea ez bideratzeko konpromisoa
Sanchezek esan du PSOErengan aldaketa bermatzeko konfiantza jarri zuten jarraitzaileei eman behar dizkiela azalpenak, eta, hortaz, "amaierara arte" eutsiko diola hartutako konpromisoari, eta ez duela bideratuko PPk Gobernuan jarraitzea; halaber, hitzeman du lan egingo duela babes handiko Gobernu alternatiboa osatzeko.
PSOEk helburu hori erdiesteko, beharrezkoa da Podemoseko Pablo Iglesiasek eta Ciudadanoseko Albert Riverak "euren betoak alde batera uztea, eta hitz egiteko asmoz elkarrekin esertzea". Sanchezek gogorarazi die beste bi liderrei esan izan dutela politikara "aldatzeko eta onera ekartzeko" heldu zirela.
Podemosek eta Ciudadanosek onartzen badute negoziatzea, euren hautesleei hitzemandakoa betetzeko, PSOE "eskuzabala" izango da; Sanchezek, hala ere, ez du xehetasunik eman, baina galdegin ere galdegin du ahalik eta lasterren hitz egitea: "Denbora hirugarren hauteskundeen alde doa aurrera", azpimarratu du.
"Ados jar gaitezen"
"Eskatzen diet ados jar gaitezen, eta Mariano Rajoyren Gobernuari amaiera eman diezaiogun, merezi du", gehitu du sozialisten liderrak, jarraitzaileen txaloen artean. Sanchezek gogorarazi du PSOEk bakarrik bozkatu duela PPk ez bezala inbestidura-ahaleginetan.
Sanchezen esanetan, "oso gogorra izan behar izan du Podemosi botoa eman zioten milioika espainiarrentzat ikustea nola bozkatu zuen alderdi horrek Rajoyrekin batera, PSOEren Gobernu baten aurka"; izan ere, erabaki horrek egin zuen aurreko legealdian Sanchez inbestitua izan ez zedin.
"PSOEn lanean gaude Rajoyk ez jarraitzeko, ordu laurden batean ere, Espainiako Gobernuburu", amaitu du; hain zuzen, Rajoyk esana du aldaketaren Gobernuak ez lukeela iraunduko ordu laurden bat ere.
Aseguratu du PPk ez zuela arazorik izan PDCrekin adosteko Kongresuaren Mahaiaren presidentetza, baina orain kritika egiten ari zaio PSOEri indar guztiekin hitz egiteagatik, independentziaren aldekoekin ere: "Orain, ni haiekin biltzen banaiz, herrialdea apurtzen ari naiz, haien arabera".
Igandean Euskadi eta Galizian egingo dituzten hauteskunde autonomikoen gainean, PSOEko liderrak animoa eman die EAEko eta Galiziako herritarrei, eta nabarmendu du sozialistek "irabaziko" dutela eta "aldaketa" gauzatuko dela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa