Politika
Inbestidura
Agentziak | Erredakzioa
Ciudadanoseko buruak inbestiduran abstenituko direla berretsi du, baina aurrekontuen inguruan zein "sezesionismoaren kontrako itun" baten harira jarrerak hurbildu dituzte bi buruzagiek.
Albisteak (2)
Albert Rivera Ciudadanoseko liderrarekin egindako bilera "lehen pausu" bat izan dela uste du Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidente eta PPko buruak, eta gobernua osatzeko aukera gehiago dagoela iritzi dio. Ingurumaria horretan, akordioa albait arinen lortzeko lan egingo duela hitzeman du buruzagi 'popularrak'.
"Hiruzpalau arazo konpontzeko lankidetzan hastea abiapuntua da", esan du gobernuburuak. Rajoyren iritzian, "gaur badakit negozia dezakedala, aurrena, presazkoa dena". Hurrengo bilera noiz egingo duten ez du zehaztu, ordea.
Bi buruzagiak ia ordu eta erdiz egon dira bilduta. Bilera "adeitsu eta emankorra" izan da, Riveraren aburuz.
PPko presidenteak nabarmendu duenez, gaurkoa "lehen pausoa izan da. Ibilaldi luzeena ere pauso batekin hasten da. Inork ez du esan hau erraza edo arina denik".
Atzo baino baikorrago irten da Rajoy bileratik. "Aukerarik ikusi izan ez banu, ez nukeen gobernua osatzen saiatzeko erregearen enkargua onartuko", esan du. Egungo egoera abenduaren 20ko bozen ostekoa alderatu ezin dela argudiatu du PPko buruak, orduan "argi" zegoelako, haren iritzian, ganberako talde gehienek bere kontra egingo zutena.
Aurrerapausoa onartuta ere, "konpromisoa" eskatu die PSOEri eta Ciudadanosi. Rajoyren ustez, PSOEren konpromisoa barik, ez da gobernurik egongo, eta hauteskundeak izango dira hirugarrenez; era berean, "Ciudadanosen konpromisoa barik, ez da gobernatzeko egonkortasunik egongo".
Riverak, lehengo lepotik burua
Esandakoari eutsi dio Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak, eta, hala, Mariano Rajoyren inbestidura saioaren bigarren bozketan zuri bozkatuko dutela berretsi du gaur, Espainiako jarduneko presidentearekin bildu ostean eskainitako prentsaurrekoan.
Bileraren ondotik Kongresuan egindako adierazpenetan, inbestiduran ez, baina aurrekontuen negoziazioan aurrera egin dutela onartu du Ciudadanosekko buruak. Azaldu duenez, behin inbestidura gaindituta, datorren urterako gastu-sabaia eta 2017ko aurrekontuan negoziatzeko osatuko den mahaian parte hartzeko prest daudela esan dio Rajoyri. Hala, PPk proposamena bidaliko dio Ciudadanosi, azter dezan. Irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar ditu gobernuak datorren urterako kontuak.
Alderdi laranjaren presidentearen iritzian, aurrekontuak "Espainiarenak eta Europarenak" dira, eta, beraz, alderdien interesen gainetik daude. PSOE ere negoziaziora bilduko dela espero du Riverak.
Auzi ekonomikoaz landa, independentzia asmoen kontra eta Espainiaren batasunaren defentsan ituna sinatzearen beharrean ere bat egin dute Ciudadanosek eta PPk. Riverak eraman du proposamena, eta Rajoyk "begi onez" ikusten duela esan dio.
Gainerakoan, baina, lehengo lepotik du burua Riverak. Gehienez ere, bigarren bozketan abstenitu egingo dela azpimarratu du Riverak. PPk, baina, aldeko botoak behar ditu Rajoy presidente izendatzeko. PSOEri ere zuzendu zaio Ciudadanoseko burua, eta "ezetz" esateari uzteko eskatu dio. "Blokeoak hirugarren hauteskunde batzuk ekarriko ditu", deitoratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa