Politika
Eusko Legebiltzarra
Agentziak | Erredakzioa
Uztailaren 28an eztabaidatuko dute, osoko bilkuran. Gaur batzordean onartu dute, EAJren eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk zuri bozkatu du.
Lege proposamena uztailaren 28ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. EFE
Eusko Legebiltzarrak uztailaren 28an eztabaidatu eta, itxura guztien arabera, onartuko du Poliziaren indarkeriak eragindako biktimen legea (ofizialki, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko legea).
Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeak onartu du gaur egitasmoa, EAJren eta PSE-EE-ren botoekin. Bi alderdiek akordioa erdietsi zuten joan den astean proiektuak aurrera egin zezan. Gaurko bozketan zuri bozkatu du EH Bilduk, eta PPk eta UPyDk, kontra. Hain justu, emaitza hori errepikatzea espero da gaur zortziko eztabaidan.
Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkidearen esanetan, "egin genezakeen legerik onena da hau", biktimok aitortzeko eta biktima horiei ordaina emateko prozesua bururatzen ez badu ere. Izan ere, nabarmendu duenez, "lan handia dago oraindik egiteko". Buruzagi jeltzalearen aburuz, aitortzeko prozesua "pausu sendoak emanez egin behar da, biktimen artean frustrazioa saihesteko eta itxaropen faltsurik ez sortzeko"
EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak ahoan hartuta, horiek onartzeak "Legea bertan behera geratzea" ekar lezakeela uste du Iturratek. PPri araua "desitxuratzeko zuzenketa politikoak" aurkeztea egotzi dio EAJko kideak.
Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak gogorarazi duenez, bere taldeak 83 zuzenketa aurkeztu ditu legeak "anbizio eta irismen handiagoa" izan zezan, baina alferrik. Haren iritzian, "eztabaidatzeko aukerarik ere ez da izan", eta proiektua ez da "akordio handi" batez aurrera atera, EAJk eta PSE-EEk kontrakoa dioten arren. "Estatuaren biktima asko bidean geratuko dira", deitoratu du.
Patxi Elola PSE-EEko bozeramailearen ustez, orain arte "aitortza eta ordaina jaso ez duten biktima horientzako" legea da onartzear dagoena. "Beste giza eskubide batzuk urratzeagatik justifikatu ezin den ekintza terroristarik ez dagoen moduan, ez dago terrorismoari aurre egin asmoz justifika daitekeen botere gehiegikeriarik", nabarmendu du.
Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidea oso kritiko azaldu da lege egitasmoarekiko. Haren esanetan, proiektuak ez du berme juridiko nahikorik, eta batez ere, lehen eta bigarren artikuluak "juridikoki oso zalantzazkoak dira".
EAJk eta PSE-EEk hasierako testuari egindako "hobekuntzak" aitortu ditu Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, baina, halere, esan du eskuduntzen alorreko hutsuneengatik, "gaur-gaurkoz" berak ezin duela egitasmoa babestu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa