12:34

Politika

Bizikidetza jardunaldiak

Urtebeteko epean armagabetzea burutzea eskatu dio Urkulluk ETAri

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernuaren eta erakunde armatuaren artean dagoen "blokeo bikoitza" kritikatu du lehendakariak Madrilen bizikidetzari buruz egiten ari diren jardunaldi batzuetan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gehienez jota urtebeteko epean armagabetzea burutzea eskatu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariak ETAri, eta Espainiako Gobernuari espetxe politikan aurrera pausoak emateko deia egin dio.

"ETAri zuzentzen natzaio, eta armagabetzea eta desagertzea gehienez jota 12 hilabeteko epean egitea eskatzen diot", esan du Madrilgo Unibertsitate Complutenseak bakeari eta bizikidetzari buruz antolatutako ikastaro batean. "Bizikidetzarako agenda eta gai zerrenda berria" izenburupean inaugurazio hitzaldia eman du gaur lehendakariak, eta urtebeteko epean bake eta bizikidetza alorrean egin beharreko aurrerapausoak aipatu ditu, ETAri zuzendutakoaz gain, espetxe politikari eta iraganaren irakurketa kritikoari buruzkoak ere.

Hala, Espainiako Gobernuari ere zuzendu zaio Urkullu. Haren hitzetan, "Espainiako Gobernuak ez du ETAren desagertzea amaitzeko pauso bat bera ere eman nahi izan". Erakunde armatua eta "haren inguruak" ere ez dute "ondorio erabakigarria izan duten alde bakarreko pausorik eman", deitoratu du lehendakariak, eta "blokeo bikoitza" salatu du.

Ingurumaria honetan, urtebeteko epean gauzatu beharreko bi proposamen egin ditu Iñigo Urkulluk: ETAren behin betiko armagabetzea, eta Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatzea. Bi neurri hauek eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Planeko proposamenak "euskal agenda" delakoaren baitan daude.

Lehendakariaren aburuz, arma guztiak non dauden esan beharko luke ETAk, edota horiek entregatu. Espainiako, Frantziako edota Europako erakundeek egin lezakete armagabetzearen egiaztatzea. Jaurlaritzak ez luke zertan prozesu horretan parte hartu behar, baina Ertzaintzaren papera zein izan litekeen zehaztu du Urkulluk.

"Eusko Jaurlaritzak ez du protagonismo berezirik nahi; batek batek uste badu beste erakunde baten erantzukizuna dela, Jaurlaritza prest dago Espainiarekin, Frantziarekin, Europar Batasunaren edota nazioarteko agenteekin lankidetzan aritzeko", nabarmendu du.

Espetxe politika berria

Urkulluk proposatutako kartzela politika berriak 20 neurri zehatz izango lituzke, eta "zigor arloan normaltasuna" ekarriko luke, haren hitzetan. Espetxe politikaren eskuduntza Jaurlaritzaren esku uztea, eta presoak etxetik gertuen dagoen kartzelara lekualdatzea proposatu du lehendakariak.

Hirugarren pauso bat ere aipatu du Urkulluk hitzaldian: "Iraganaren irakurketa kritikoa" egitea, "gardentasuna eta egia" ardatz hartuta.

Estatuari zor dion "leialtasuna"ri jarraiki, proposamenok zein Bake Planean jasotako neurriak Espainiako Gobernuari jakinarazi dizkiotela esan du Urkulluk, eta bere jarrerara biltzeko eskatu dio osatzeke dagoen exekutiboari.

Proposatutako neurri batzuk ETAri eta beste batzuk Espainiako Gobernuari dagozkiola azpimarratu du lehendakariak, eta biei, "blokeoa" gainditzeko eskatu die.

Urkulluren aburuz, blokeo horren aurrean, erdibideko jarrera hartu behar izan du Jaurlaritzak, eta "biolentziaren amaiera ordenatua"ren alde egin du, Euskadin "bategite sozial handia" lortzeko helburuarekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena