Politika
Iruñean
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagunek hartu dute parte presoen eskubideak defendatzen duen plataformak Iruñean deitutako manifestazioan.
Albisteak (4)
Sare presoen eskubideak defendatzen duen plataformak "behingoz" dispertsioarekin amaitzeko eta aurreko gobernuek abiatutako "salbuespen-lege guztiak" indargabetzeko eskatu dio ekainaren 26ko hauteskundeen ostean eratuko den Espainiako Gobernuari.
Horrela eskatu dute Iruñean, bertan deitutako manifestazio batean. Horren hasieran, Aitor Etxeberria eta Ainhoa Azkarate ordezkariek adierazpenak egin dituzte, eta "euskal presoek eta euren familiek bizitzen duten egoera larria" salatu dute.
Horrez gain, "Nafarroako herritarrei" giza eskubideen trenera igotzeko eskatu diete, "eta aktibo bihur daitezen, pertsona horiek euren giza eskubideetan pairatzen duten urratzearekin amaitzeko".
Bide guztiak, blokeatuta
"Sarek duela hilabete batzuk martxan jarri zuen trena Euskal Herriko auzo, herri eta hirietatik dabil", nabarmendu dute, eta gehitu dute nola euren xedea den "euskal presoen eskubideen urratzea amai dadin".
Bertan gogorarazi dutenez, ETAk "duela bost urte" utzi zion borroka armatua erabiltzeari, eta, hala ere, gatazkari irtenbidea topatzeko urratsik ez da eman. Aitzitik, Espainiako Estatuak "balizko bide guztiak" blokeatu dituela salatu dute.
Manifestazioa abiatu duen pankartan, "Stop Dispertsioa: derechos humanos, resolución, paz" leloa zegoen jarrita, eta eguerdian autobus geltoki zaharrean hasi, Iruñeko erdigunetik ibili, eta Askatasun Plazan bukatu da.
Politika munduko hainbat ordezkari
Manifestazioan, Bakartxo Ruiz EH Bilduk Nafarroan Kongresurako duen zerrendaburua izan da, baita Sabino Cuadra EH Bilduko diputatu ohia eta Txelui Moreno Nafarroan Sortuk duen bozeramailea ere.
Askatasunaren Plazara iritsitakoan, Azkaratek salatu du dispertsio-politikak astebururo familiakoak bidaiak egitera behartzen dituela, "milaka kilometrora preso dauden senideekin 40 minutuz egoteko, eta adingabeak eskola galtzera eta 8 ordu baino gehiagoko bidaiak egitera".
"Politika kriminala da", familiako batzuen heriotza eragin duena zirkulazio-istripuetan, nabarmendu du. Horren esanetan, gainera, dispertsioak ez du bat egiten Europako jurisprudentziarekin, eta duela aste batzuk aurkeztutako txostena goraipatu du; Bizkaiko Abokatuen Elkargoan aurkeztu zuten txosten hori.
Azkarateren iritziz, "sufrimenduari atea itxi eta bakearen leihoak irekitzeko garaia da".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa