Politika
EiTB Focus
EITB.EUS
EiTBren makroinkestaren hirugarren atalaren arabera, koalizioak zazpi eserleku eta botoen ia % 30 lortuko lituzke. EAJk bospasei ordezkari eskuratuko lituzke.
Informazio gehiago (2)
Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak, Podemos-Ahal Dugu eta Ezker Batua alderdien artean adostutako itunetik sortutako koalizioak, irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ekainaren 26an egingo diren Espainiako hauteskunde orokorrak, EiTB Focus makroinkestak jasotako datuak beteko balira. Gainera, boto zein eserleku kopuruan gailenduko litzateke, bozen % 29,8 eta zazpi ordezkari eskuratuta.
Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako inkestak ekainaren 26ko hauteskundeetarako boto asmoari buruz galdetu die herritarrei. Bigarren atalean ez bezala, oraingoan ezkerreko koalizioa gailenduko litzatekeela aurreikusi du inkestak; aurrekoan, EAJrekin berdinketa aurreikusi zuen eserleku kopuruan. Hala, Elkarrekin Ahal Duguk zazpi ordezkari lortuko lituzke. EAJk, bestalde, bospasei eserleku eskuratuko lituzke, botoen % 25,4 erdietsita.
Boto asmoa EAEn
Hirugarren EiTB Focus honen arabera, Elkarrekin Ahal Duguk eskuratuko luke babes gehien: bozen % 29,8. EAJ bigarren indarra izango litzateke, botoen % 25,4 jasota. Alde handiagora, hirugarren postuan, EH Bildu egongo litzateke, botoen % 15,4 eskuratuta.
PSE-EEk apur bat gora egingo luke, eta bozen % 13,4 lortuko lituzke. Alderdi Popularra, ordea, pixka bat jaitsiko litzateke, % 10,4 erdietsita. Ciudadanosen beherakada txikia ere aurreikusi du EiTB Focusek (bozen % 4,1 eskurako lituzke).
Eserlekuen estimazioa
Eserleku kopuruari erreparatuta, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak zazpi ordezkari lortuko lituzke ekainean (Ahal Dugu bakarrik aurkeztu zenean, bost eskuratu zituen), aurreko EiTB Focus inkestak emandakoa baino bat gehiago. EAJk bermatuta izango lituzke bost aulkiak, baina abenduaren 20ko hauteskundeetan lortutako seiak ere erdiesteko aukera aipatu du inkestak, PPk Bizkaian duenaren kaltean. Talde parlamentario propioa edukiko lukeen euskal alderdi bakarra izango litzateke, honenbestez, Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ).
EH Bilduk 2015eko hauteskundeetan erdietsitako bi ordezkariei eutsiko lieke. Sozialistek, berriz, Araban zuten eserlekua galtzeko arriskua lukete, hiru ordezkaritik bira pasatuta. Alderdi Popularrak ere kolokan izango luke Bizkaiko eserlekua (2tik 1era jaitsiko litzateke, aurreikuspenak betetzen badira). Ciudadanosek, berriz, ez luke ordezkaritzarik erdietsiko.
Eserleku estimazioa Araban
Lurraldeka, aise irabaziko luke Elkarrekin Ahal Duguk Araban. Bi eserleku lortuko lituzke (Ahal Dugu bakarrik aurkeztu zenean, bakarra lortu zuen), botoen % 32,2rekin. Alderdi Popularrak eta EAJk ordezkari bana erdietsiko lituzkete (bozen % 17,9 eta % 16,1, hurrenez hurren), eta PSE-EEk berea galduko luke (botoen % 13,1). EH Bilduk eta Ciudadanosek botoen % 12 eta % 7,4 lortuko lituzkete, hurrenez hurren.
Eserleku estimazioa Bizkaian
Bizkaian ere, koalizioa ezkertiarra gailenduko litzateke, botoen % 30,1 eta hiru eserleku lortuta (Iglesiasen alderdiak bi eskuratu zituen abenduaren 20an). EAJk bi ordezkari bermatuta izango lituzke (botoen % 28,6), eta hirugarrena ere lortu ahalko luke PPren kaltean (% 9,7). PSE-EEk (% 13,3) eta EH Bilduk (% 12,7) eserleku bana erdietsiko lukete.
Eserleku estimazioa Gipuzkoan
Gipuzkoan, inkestak ez du aldaketarik aurreikusi. Elkarrekin Ahal Duguk eta EAJk bina ordezkari eskuratuko lituzkete, baina koalizioak aurrea hartuko lieke jeltzaleei boto kopuruari dagokionez (botoen % 28,2 eta % 24, hurrenez hurren). EH Bilduk (% 21,7) eta PSE-EEk (% 13,7) eserleku bana lortuko lukete. PPk (% 8,2) eta Ciudadanosek (% 3,3) ez lukete ordezkaritzarik erdietsiko lurralde honetan.
Boto asmoaren bilakaera EiTB Focusen
Hauteskunde orokorren inguruko gainerako emaitzak (balizko itunak edota Espainiako presidentea) goizean aurreratu dituzte eitb.eus-en, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria irratietan, eta ETB1eko "Egun On Euskadi" albistegian.
Hautagaien balorazioa
EAEko zerrendaburuei dagokienez, gainditu duen hautagai bakarra Aitor Esteban (EAJ) da; Marian Beitialarrangoitia atzean duela, ia bost puntu jasota. Ondoren, Patxi Lopez, Eduardo Maura eta Alfonso Alonso.
Espainiako lider politikoen balorazioa
Gobernu berriak zein arazori eman beharko lioke lehentasuna?
Fitxa teknikoa
EiTB Focus Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoa da. 1.200 pertsonari (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan) telefonoz galdetuta eginda dago, % 95eko konfiantza mailarekin.
Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, udalerria eta generoa kontuan hartuta sortu dute.
Inkesten % 23,1 euskaraz egin dituzte, eta gainerakoak (% 76,9), aldiz, gaztelaniaz.
Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.
Inkestak ekainaren 8an eta 9an egin zituzten. Elkarrizketek, batez beste, 8 minutu eta 7 segundo iraun zuten. Luzeena 21 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 5 minutukoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa