Politika
Epaiketa Auzitegi Nazionalean
Erredakzioa
Bi ekuadortar hil ziren atentatua egitea egotzi diete Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian ETAko ustezko kideei. Furgonetaren jabeak elkarri "txistuka" egiten ziotela adierazi du.
Fiskaltzak 900 urteko espetxe zigorra eskatu du haietako bakoitzarentzat, 2006ko abenduaren 30ean Barajaseko aireportuan izandako atentatuaren egileak izatea egotzita. Atentatu hartan Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio ekuadortarrak hil ziren.
Hain zuzen ere, bi hilketa terrorista, 41 hilketa saiakera eta kalte material terroristak egitea leporatu die.
Sarasolak esan du epaitegia "faxista" dela, eta Portuk eta San Sebastianek atxilotu zituztenean pairatutako ustezko torturak salatu dituzte.
Saioa ordubete berandu hasi da, 10:30ean inguru, espero baino 45 minutu gehiago eman baitu auzipetuak espetxetik Auzitegira eramateak.
Galdeketak hasi baino lehen, Alfonso Guevara epaimahaiburuak froga berri bat helarazi die aldeei. San Sebastianen etxean aurkitutako paper bat (Madrilgo Suhiltzaileen telefonoa zuen) ETAko ustezko kideak idatzi zuen argitzeko Guardia Zibilak egindako azterketa bat, hain zuzen ere.
Daniel Campos fiskalak, zortzi akusazio partikularrek, herri akusazioak (AVT) eta Estatuko Abokatutzak ez dute oztoporik jarri froga prozesuan gaineratzeko eta ikerketaren egileari deklaratzera deitzeko.
Fiskaltzaren iturriek azaldu dutenez, San Sebastianek atentatuan parte hartu zuela erakusteko froga nagusia da.
Fiskalaren idatzia
Fiskalaren behin behineko ondorioen txostenaren arabera, 2006ko abenduaren 30eko 07:53an, Portuk furgoneta-bonbaren kokapenaren berri eman zion DYAri, sakelako telefono baten bidez. Handik eta hiru minutura Madrilgo Suhiltzaileei deitu zien, eta 08:35ean Donostiako SOS Deietara, telefono-kabina batetik.
08:45ean atzeman egin zuten furgoneta, aireportua hustu zuten, eta 08:59an lehertu egin zen bonba. Ondorioz, Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio hil ziren, beste 41 pertsona zauritu, eta 313 ibilgailuk kalteak izan zituzten.
900 urteko kartzela zigorra ez ezik, biktimen senideei 500.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea ere eskatuko du fiskalak.
Lapurtutako furgonetaren jabearen aitortza
Atentatuan erabili zuten bonba-furgonetaren jabeak, ustezko ETAko kideak beraien artean "txistuka" egiten zutela adierazi du.
Eski-estazio baten bahitu zutela azaldu du gazteak; bilurrak ipini zizkioten eta auto baten barruan hiru egunez utzi zuten. Epe horretan, batek bakarrik hitz egin zuen berarekin eta gaztelaniaz, ETAko kidea zela esan zion, beraien artean "txistuka" egiten zutela esan du.
Renaul Trafficeko jabearen hitzetan, senitartekoren bati ez larritzeko mezua bidaltzea eskatu zioten eta abenduaren 31ko gauerako aske izango zela baieztatu zioten. Bahiketa baina, lehenago amaitu zen, bonba-furgoneta eztanda egin eta geroago. Goiz hartan, irratian albiste bat entzun eta bere bahitzaileak dena "amaitu" zela esan ziotela adierazi du.
Frantziako hegoaldeko udalerri baten utzi zuten gaztea eta handik muga igaro eta Espainiara itzuli behar izan zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa