18:18

Politika

Bira Europan

Otegik Europarlamentura egin duen bisitak hautsak harrotu ditu

agentziak | erredakzioa

Europako PPko kideak eta Europako Ezker Batukoak liskartu egin dira Parlamentuan, eta buruzagi politiko askok egin dituzte adierazpenak buruzagi abertzalearen bisitaren inguruan.

2:50
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiak Europako Parlamentura, Basque Friendship Groupek gonbidatuta, egin duen bisitak hautsak harrotu ditu politikarien artean.

Hala, gaur Europako PPko kideak eta Europako Ezker Batukoak liskartu egin dira Parlamentuan. "Nire anaia ez zen gerra batera joan. ETAk hil zuen. Espainian ez zegoen gerrarik, demokrazia zegoen", oihukatu du Teresa Jimenez-Becerril PPren Eurodiputatuak, 1998an hil zioten Alberto Sevillako PPko zinegotziaren hilketari erreferentzia eginez. Hori baino lehenago, beste eurodiputatu espainiar batek "hiltzaile" deitu dio oihuka Otegiri.

Martin Schulz Europarlamentuko presidenteak hartu du hitza enfrentamenduaren ostean, eta bere egoera ulertzen duela azaldu dio Jimenez-Becerrili, baina ezin zuela ezer egin buruzagi abertzalea gonbidatzearen aurka.

Manfred Weber Europako PPren taldeko presidentea Otegiren bisitaren aurka agertu da sare sozialetan:

 

 

Bien bitartean, Espainiako Estatuan, Rafael Hernando PPk Kongresuan duen bozeramaileak eta Pedro Sanchez PSOEren buruak herritarrei eskatu diete ohar daitezela Podemos eta IU izan direla Otegi Bruselara joatea ahalbidetu dutenak.

Hala eta guztiz ere, buruzagi sozialistak zehaztu du ez duela gaizki ikusten ezker abertzalearen buruak Europako Parlamentuan hitz egitea, baizik eta Espainian preso politikoak daudela eta ETAko kideak errefuxiatuak direla esatea.

Bestalde, Xavier Benito Podemosen eurodiputatuak esan du Otegiri hauteskundeetan aurkezteko gaitasungabetzea ezarri diotela, baina horrek ez diola Europarlamentuko bileretan parte hartzea galarazten.

Era berean, Oriol Junqueras (ERC) Generalitatearen presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak azpimarratu du Arnaldo Otegi errespetatu egin behar dela ordezkari politiko gisa: "Buruzagi politiko bat da eta errespetu guztia merezi du".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren diputatuak gogorarazi du Otegik "etorkizun desberdina" defendatu zuela Europako Parlamentuan, "sufrimendu oro konpontzea eta aitortzea", ETAren biktimena barne.

Ezker abertzalearen buruzagiak Basque Friendship Groupek antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuen atzo euskal bake prozesuaren inguruan hitz egiteko, eta gaur Europako Ezker Batuaren barne bilera batean izan da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena