Politika
IKERKETA BATZORDEA
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzorde bat sortu du, bigarren aldiz, Nafarroako Kutxaren (CAN) desagerpena ikertzeko.
Unai Hualde, Geroa Baiko diputatua, Nafarroako Kutxaren desagerpena ikertuko duen ikerketa batzordeko presidente aukeratu dute goizean, eta irailaren 30erako batzordeak ikerketaren emaitzak eman beharko ditu.
Foru Gobernua sostengatzen duten Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdiak kontsentsu batetara iritsi dira Hualde batzordeko presidente aukeratzeko. UPN eta PP abstenitu egin dira eta beste denak alde bozkatu dute, PSN barne.
Ikerketa batzordea, talde bakoitzeko bi ordezkarirekin osatua egongo da eta bozka haztatua izango dute, hots, talde bakoitzak legebiltzarkide kopuruaren arabera bozkatuko du eta helburua, Nafarroako Kutxan zer gertatu zen argitzea izango da.
Hualderen arabera, legegintzaldi honetan kutxaren desagerpenaren benetako arrazoiak jakiteko borondate politikoa badago.
Maiatzaren 18ra arte, dagoen dokumentazioa aztertzeko
Ildo horretan, Hualdek adierazi die kazetariei taldeek maiatzaren 18ra arte dutela Parlamentuan dagoen dokumentazioa aztertzeko, euren ustez egokia dena eskatzeko eta eskura dituzten baliabideak, juridikoak ere, erabiltzeko, 2015ean jazotakoa berriro gerta ez dadin.
Hori dela eta, nabarmendu du batzordeak ez duela zerikusirik iazkoarekin; izan ere, 2015eko legegintzaldiaren ia amaieran sortu zuten. Oraingoa, aldiz, Nafarroako Kutxarekin zer gertatu zen argitzeko "denbora nahikoa eta benetako asmoa" du.
Zer diote alderdiek?
Geroa Baiko Koldo Martinezek esan du xedea dela Nafarroako gizarteari erantzutea "zergatik desagertu zen kutxa, eta, aldi berean, zergatik desagertu ziren 1.000 milioi euro, kapitalaren % 78".
Nolanahi ere, ohartarazi du, "ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi, zuhurrak izango gara, denborak aurrera egiten duelako eta badakigulako daudela konpromisoak, bertan erabakiak hartzen zeuden pertsonen konfidentzialtasun-klausulak, edo zenbait arrazoi legal"; hortaz, baliteke ezinezkoa izatea informazio jakinen bat izatea.
EH Bilduko Adolfo Araizek azaldu du orain CAN Fundazioak laguntza emango duelakoan dagoela; hala balitz, jakin liteke ea erantzukizun politikorik egon zen: "Batzordearen helburua ez da inor epaitzea, baizik eta erantzukizun politikoak eskatzea".
Podemoseko Laura Perezek ere uste du aukera dagoela argitzeko “Nafarroako duela gutxiko historian izandako gertaera larrienetakoa”, eta, halaber, jakiteko erantzukizun politikorik izan zen Nafarroako Kutxa zaindu behar zutenen aldetik. Haren ustez, CANek krisialdia gainditzeko aukera bazuen.
PSNren aldetik, Guzman Garmendiak aseguratu du bere taldea "zorrotza eta profesionala" izango dela aztertzeko zer gertatu den, "ardura politikorik izan den", eta, inolako ardurarik egon bada, "behar den esparruan ikertzeko".
"Onbideratuta zegoen kutxa bat banku bilakatzea erabaki zuten, hori arriskutsua bada ere, eta krisialdiak dena suntsitu zuen; hori argi dago, baina orain ikusi nahi dugu aurreko legegintzaldian eman ez ziguten dokumentazioa, jakiteko zer gertatu zen amaierako prozesu hartan", esan du Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuinek.
Luis Zarraluqui UPNko bozeramaileak, aldiz, esan du Nafarroako Kutxaren desagerpena "sakon aztertu dugula, dagoeneko", bai organismo jurisdikzionaletan, baita Parlamentuan ere.
"Orain ere, gauza bera da. Ez dugu ezer berezirik espero. Baina Gobernuko lau alderdiek interes handia dute auzi hau berpizteko eta ahalik eta gehien jarraitzeko bizirik; uste dugu asmoa dela Parlamentuko lehen alderdiari kalte egitea, alegia, UPNri", esan du.
PP ere azaldu kritiko bigarren ikerketa-batzorde honekin; Javier Garciak esan du ez duelako "inolako alderik" 2015ekoarekin, eta, aldiz, asmo bakarra duela: nafarrek Uxue Barkosen "Gobernua sortzen ari den arazoak" ahazteko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa