12:33

Politika

Auzitegi Nazionala

Zulueta, Enparantza eta beste hiru atxilotu kartzelatu egin dituzte

Erredakzioa

Hain zuzen ere, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain eta Saioa Agirre ere bidali ditu kartzelara Grande-Marlaska epaileak, ETAren eta presoen artean "lotura" lanak egitea egotzita.

99
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak, Naia Zuriarrain ETAko preso ohia eta Saioa Agirre Etxerateko bozeramaile ohia espetxera bidali ditu Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak, ETA eta presoen artean "lotura" lanak egitea egotzita.

Juan Maria Jauregi LAB sindikatuko kide ohia eta Asier Etxabe ingeniaria kartzelara bidaltzea erabaki du epaileak, baina, hurrenez hurren, 30.000 eta 12.000 euroko fidantza ordaindu ezkero saihestu dezakete. Gainera, Erramun Landa Mendibe EHUko irakaslea, Jose Luis Gallastegi ETAko Bartzelona taldeko kide ohia eta Domingo Aizpurua Aizpuru ETAko kide ohia aske utzi ditu.

Konkretuki, Landa Mendibe eta Gallastegi Lagar epaitegietan aldizka aurkeztu beharko dira. Bien bitartean, Aizpurua Aizpuru aske utzi dute, dagoeneko gertakari berdinengatik zigortu dutelako Frantzian.

Lehenxeago, Luis Barroso Auzitegi Nazionaleko fiskalak kartzela-zigorra eskatu du joan den asteazkenean Bizkaian eta Gipuzkoan atxilotutako hamar lagunetatik bostentzako, besteak beste, atxilotutako hiru abokatuentzat. ETAko kideak izatea edo erakunde armatuari laguntzea leporatzen diete.

Gainera, fiskalak horietako birentzat fidantza eskatu du, eta gainerako hirurak aske uztea eskatu du (epaitegian aurkeztu beharko dira azken hiru hauetako bi). ETAko kideak izatea edo erakunde armatuari laguntzea leporatzen die fiskalak.

Jose Domingo Aizpurua eta Erramun Landa aske utzi dituzte gaur eguerdiko 15:00etan. Hala ere, epaitegietara joan beharko dira.

Ezkutalekuak

Enparantzak eta Sarriegik partekatzen zuten bulegoan "zulo" bat aurkitu dute eskuak lehortzeko makina baten barruan eta bertan 20tik gora dokumentu aurkitu dituzte, "plastikoan bildutako paper tutuak, Frantzian eta Espainian dauden ETAko presoei bidaltzeko/jasotzeko prest", eta 9.400 euro zituen gutunazal bat, Marlaskaren autoan agertzen denez.

Sarriegiren aulkian, grapa kaxetan eta esekigailu batean ere aurkitu omen dituzte dokumentuak "ederki tolestuta".

David Pla aske gelditu da

Bestalde, Frantziako Poliziak David Pla aske uztea erabaki du gaur arratsaldean.

Plari buruz, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak zera esan zuen joan den astean: ETAko arlo politikoko buruzagitzako kidea dela, eta erakundeko zuzendaritzaren eta presoen arteko bitartekaritza egiten zuela.

Urkulluri deia

Gai honi buruz ere, Barne Ministerioak Iñigo Urkullu, EAJko EBBko presidenteari gaur jakinarazi dionez, joan den astean EAEn atxilotutako abokatuetako batek ETAri Urkullu hiltzea iradoki zion, iturri jeltzaleek eitb.com-i baieztatu diotenez.

Barne-Arazoetarako Ministerioa Urkullurekin harremanetan jarri da informazioaren berri emateko, Iturri berdinen arabera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena