06:10

Politika

Bilera-sorta

Erregeak kanpaina doia eskatu du, hauteskundeak izango direlakoan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Inbestiduraz baino gehiago, hauteskundeez hitz egin dute Espainiako erregeak eta alderdiek. Astearte honetan Rivera, Iglesias, Sanchez eta Rajoy hartuko ditu Felipe VI.ak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako erregeak presidentegaia proposatzeko hirugarren bilera-sorta hasi badu ere, hauteskundeak errepikatu egin beharko direla gero eta nabarmenagoa da. Horren erakusgarri da gaurko batzarretan inbestiduraz baino gehiago hauteskundeez hitz egin izana.

Erregea astearte honetan bilduko da Mariano Rajoy, Pedro Sanchez, Pablo Iglesias eta Albert Riverarekin, baina, azken orduko ezustekorik ezean, ez da hautagairik izango eta hauteskundeak deitu beharko ditu Felipe VI.ak.

Gainera, Espainiako erregeak baztertu egin du Ciudadanoseko buruzagiak iradoki duen aukera, independente bat izatea presidentegaia, alegia.

Alberto Garzonek (IU) bileraren ostean esan duenez, erregea hauteskundeetan pentsatzen ari da eta hirugarren bilera-sorta protokolo bat baino ez dela onartzen du, “dena argi dagoelako”.

Areago, Izquierda Unida eta Podemosen arteko balizko hautagaitza bateratuari buruz galdetu dio Felipe VI.ak Garzoni.

Era berean, Garzonek adierazi dio hauteskunde kanpainan gastuak murriztu behar direla, gizartearen mesedetan. Eskaera bera luzatu dio Isidro Martinez Foro Asturiaseko diputatuak. Erregea bat etorri da eskaerarekin, kanpaina doia babestu du eta herritarrak “ez nekatzeko” galdegin die, sei hilabetetan bigarren hauteskundeak izango liratekeela kontuan hartuta.

Javier Esparza UPNko presidentea ere ildo beretik mintzatu da erregearen aurrean. Hauteskundeak errepikatzen badira, kanpainak ahalik eta gastu txikiena izan beharko lukeela esan du.

Hala, balizko kanpainaren gastuak % 30ean murriztea eta diru hori ekimen sozialetara bideratzea proposatu du. Felipe VI.a ados agertu dela erantsi du Esparzak.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea ziur agertu da ez dela ezustekorik izango eta, ondorioz, hauteskundeak errepikatuko direla ekainean. Areago, Estatuko alderdi nagusiak hauteskundeetan horiei begira ari direla jada erantsi du.

Aitor Esteban EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, hauteskunde orokorrak izango dira ekainean Espainian. Hauteskunde errepikapena "negoziatzeko ohitura faltari" eta alderdiek sentitu duten "beldurrari" egotzi dio.

Estebanek aitortu duenez, Espainiako Diputatuen Kongresuak Pedro Sanchez presidentegai sozialista arbuiatu ostean "ez da elkarrizketa seriorik izan". Are gehiago, bileraren batean hitz egindakoa idatziz jaso dutela aitortu du, baina, haren esanetan, ez negoziatzeko borondatea zutelako, "hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari zirelako baizik".

Hirugarren bilera-sorta

Felipe VI.a erregeak goizean hirugarren bilera erronda hasi du alderdiekin.

Hirugarren bilera erronda aurreko biak baino motzagoa izango da; izan ere, erregea bi eguneko epean -astelehena eta asteartea- elkartuko da Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin. ERC eta EH Bildu ez dira Felipe VI.arekin bilduko, ez dutelako nahi izan.

Astelehen honetan zortzi alderdi politikotako ordezkariak hartu ditu estatuburuak: Pedro Quevedo Nueva Canariaseko diputatua 10:00etan, Isidro Manuel Martinez (Foro Asturias) 11:00etan eta Ana Oramas (Coalicion Canaria) 12:00etan. Felipe VI.a Javier Esparza UPNko buruarekin ere elkartu da, 13:00etan, Zarzuelan, nahiz eta diputatu ez izan.

Bazkaltzeko atsedenaldi bat egin ondoren, Felipe VI.ak bilerekin jarraitu du arratsaldean. Alberto Garzon IUko diputatua 16:00etan hartu du; Aitor Esteban EAJko bozeramailea 17:00etan; eta Alexandra Fernandez En Mareako diputatua 18:00etan. Erregeak egunari Francesc Homs Democracia i Llibertateko bozeramailearekin eman dio amaiera egunari.

Asteartean Joan Baldovi Compromiseko diputatua hartuko du 10:00etan; Xavier Domenech En Comu-Podemeko ordezkaria 11:00etan; Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia 12:00etan eta Pablo Iglesias Podemoseko agintaria 13:00etan.

Bazkalostean, 16:30etik aurrera, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin bilduko da lehendabizi eta, segidan, Mariano Rajoy PPko buruzagiarekin. Jarduneko Espainiako Gobernuko presidenteak itxiko du bilera erronda

 

rronda

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena