12:43

Politika

polizia Operazioa Nafarroan

8 pertsona atxilotuta torturaren aurkako horma-irudi bat egiteagatik

eitb.eus

Guardia Zibila "iraintzea" egotzi diete. Denak aske geratu dira jada.

1:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Guardia Zibila "iraintzea" egotzita gaur Nafarroan atxilotutako pertsonak zortzi dira jada, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak baieztatu duenez.

Denak aske geratu dira dagoeneko, Iruñeko polizia-etxean deklaratu ondoren.

Polizia-etxeko kanpoaldean senideak eta lagunak zain izan dituzte atxilotuek, eta EH Bilduko foru parlamentari batzuk ere bertaratu dira.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailea polizia-etxera hurbildu da goizean, eta Txelui Moreno, haren bikotekidea eta seme bat, eta bikotearen lagun batzuk ere atxilotu dituztela jakinarazi du.

EH Bilduko bozeramailearen ahotan, atxilotuak horma-irudiaren egileak lirateke. Burlatako Udalak irudia margotzeko baimena eman zien. Horregatik, Burlatako alkatea ere deklaratzera deitu du Poliziak, Araizek azaldu duenez.

"Mendeku" politikoa

Atxiloketek zentzurik ez dutela nabarmendu du buruzagi abertzaleak. "Mendeku" politiko bat direla salatu du Araizek, horiei leporatutakoa "ez baita delitu". EH Bilduko parlamentariaren ahotan, deklaratzera deitzearekin nahikoa izan behar luke.

Horma-irudi bat margotzeagatik atxilotzeak "torturaren" existentzia agerian uzten duela uste du Araizek, eta salatutako tratu txarrak ez dituztela ikertzen salatu du. Zentzu horretan, Europako auzitegien sententziak gogorarazi ditu ordezkari abertzaleak.

Estatuko segurtasun indarrak "iraintzea" leporatu diete atxilotuei, Poliziako iturriek baieztatu dutenez. Txelui Moreno, Ibai Moreno, Saioa Ibiriku, Mikel Otano, Esteban Gota, Julia Ibañez, Itxaso Torregrosa eta Angel Mari Erro atxilotu dituzte, hain zuzen ere.

Horma-irudia

Iturri ofizialek jakitera eman dutenez, operazioak zabalik jarraitzen du, eta Burlatan margotutako horma-irudi batekin zerikusia du. Irudiak 4/2014 sumarioko inputatuek ustez jasandako torturak salatzen ditu.

Horma-irudiak "Tortura" eta "aztnugal" hitzak jasotzen ditu. Azken hori torturaren aurkako kanpaina bat bultzatzeko erabili dute atxilotu batzuek lehenago. Irudia Udalaren eraikin batean egin zuten, Joaquin Azcarate kalean.

Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Gorka Zabala eta Iker Moreno Ekineko ustezko kideek Auzitegi Nazionalean salatutako torturak gaitzesteko #aztnugal kanpaina abiatu zuten. Ez dira espetxera sartuko, Fiskaltzarekin akordio bat adostu baitute.

Atxiloketak Estatuaren kalitate demokratiko "eskasa" agerian uzten duela esan du Txelui Morenok

Bere atxiloketak Estatuaren kalitate demokratiko "eskasa" agerian utzi duela adierazi du Txelui Moreno Sortuko bozeramaileak, aske geratu ondoren.

"Horma-irudia margotzeagatik atxilotu naute", azaldu die Morenok kazetariei. "Tortura" irakur daiteke, "marra gorri batekin erdian", esan du. "Torturari kritika bat da, ez du ezer jartzen, ez doa inoren aurka", zehaztu du.

"Dirudienez, norbaiten kontra eginda dagoela uste dute batzuek, eta hori iraintzat jo dute. Ondorioz, delituren bat dago?", erantsi du.

Morenoren esanetan, "horrelako iruzurra, halako muntaia" irudi bat margotzeagatik sortu dute, nahiz eta torturak salatzea "Konstituzio eta giza eskubideen" baitan egon.

"Espainiako demokraziak oso kalitate eskasa du, eta gauza hauek gertatzen dira (?). Ikaragarria da", kritikatu du.

Ildo beretik mintzatu da Pernando Barrena Sortuko eleduna. Horren iritzian, "operazioak agerian utzi du berriro Estatuak indarkeria erabiltzen jarraitzen duela, eskubideak urratuz, errealitatearen bertsio faltsua eta interesatua erakusteko".

Iker Morenoren familiaren aurkako "zigor operazioa" izan dela salatu du Barrenak, 2011n atxilotu zutenean torturatu egin zutela publikoki salatu zuelako.

Barkosek "kezka" agertu du

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du polizia operazioak "kezka" pizten diola, "torturaren aurkako salaketa zilegi baten eta irain delituen arteko aldea ez baitago oso argi".

Gobernuburuaren esanetan, datu gehiago ezagutzeko zain dago, orain arte justizia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritza "isilik" izan baitira.

F. Diaz: "Espainian ez da torturatzen"

Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak ohartarazi du ez dela "zigorgabetasun espaziorik" egongo Segurtasun Indarrak iraintzen dutenentzat.

"Espainian ez da torturatzen", nabarmendu du Fernandez Diazek, eta ETAko presoak espetxetik ateratzeak kartzela sistema "bermatzailea" dela erakusten duela gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena