12:28

Politika

Segurako polizia-operazioa

Kartzela saihesteko akordioa ixtekotan da Arraiz Calparsororekin

EITB.EUS

Foruduna izanik, EAEko Auzitegi Nagusiak epaitu behar du Sortuko presidentea, baina litekeena da epaiketarik ez izatea, aldeak akordioa negoziatzen ari baitira.

  • Arraizek otsailean deklaratu zuen EAEko Auzitegian Guardia Zibilari 'xake-mate ematea' eskatzeagatik

    Arraizek otsailean deklaratu zuen EAEko Auzitegian Guardia Zibilari 'xake-mate ematea' eskatzeagatik

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Segurako polizia-operazioan atxilotutako ezker abertzaleko 35 auzipetuek bezala, litekeena da Hasier Arraizek ere akordioa lortzea EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzarekin eta kasuko akusazioekin, kartzelan sartzea saihesteko. Juan Calparsoro fiskalburuak Eusko Irratiari baieztatu dionez, aldeak negoziatzen ari dira, eta hari-mutur batzuk falta diren arren, akordioa aste honetan bertan itxiko dute.

"Elkarrizketak egin ditugu, eta espero dugu aste honetan akordioa lortzea. Jarrera ezberdinak ditugu guztiok, baina helburu bera dugu", aitortu du Calparsorok.

ETAko kide izatea onartuta, EH Bilduko legebiltzarkidea ez litzateke kartzelan sartu beharko. Dena dela, kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko liokete, eta, horrenbestez, ezingo litzateke EAEko hurrengo hauteskundeetara aurkeztu.

Segurako polizia-operazioan atxilotutako 35 auzipetuek akordioa erdietsi zuten urtarrilean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin eta 04/08ko sumarioko akusazioarekin, eta espetxea saihestu zuten. Trukean, Batasuna, EHAK eta EAE/ANV alderdietako kideek onartu egin zuten ETAri lagundu izana eta biktimei egindako "kaltea", eta uko egin zieten "indarkeriarekin lotutako jarduerei".

Arraiz foruduna izanik, EAEko Auzitegi Nagusiak epaitu behar zuen, eta hainbat atzerapenen ondotik, maiatzaren 9an hasi behar zen auzi-saioa.

Dena dela, dena ondo bidean, epaiketarik ez da izango azkenean. Aldeek ixtekotan duten akordioaren arabera, Arraizi bi urteko kartzela zigorra eta kargu publikoan aritzeko debekua ezarriko liokete.

ETAk "bere nahierara erabili" zuela onartu beharko luke Sortuko presidenteak, baita biktimei egindako "kaltea" ere. Horrez gain, "indarkeriarekin lotutako jarduerei" uko egin beharko lieke.

Aurrez, Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eta kargu publikoan beste hainbeste urtez aritzeko debekua eskatu zuen Arraizentzat. Herri akusazioa ziren AVT (Terrorismoaren Biktimen Elkartea) eta Dignidad y Justicia elkarteek, berriz, 10 urteko espetxe zigorra galdegin zuten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena