Politika
Bilera
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi biak ados daude gizarte gaietan, eta Nagua Albak EAJ Gobernutik "kendu" nahi duela berretsi du.
"Gizartearen eraldaketan Podemos Euskadi lagun izatea" nahi duela esan du Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak. Ildo horretan, EH Bildu Podemos Euskadirekin "mugarik gabe" elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du. Nagua Alba Podemos Euskadiko ordezkariak, berriz, EAJ Gobernutik "kentzeko" asmoa berretsi du. Halaber, erabakitzeko eskubidea defendatzen duela esan du, betiere "proiektu bateratu baten mugan".
Podemos eta EH Bilbu bilera izan dute gaur, Bilbon, martxoan Alba alderdiaren idazkari nagusi bihurtu zenetik beste alderdiekin abiatu duen elkarrizketa errondaren harira.
Bileran, ondorengo ordezkariek hartu dute parte: Podemosen aldetik, Nagua Alba idazkari nagusiak, Antolakuntza idazkari Lander Martinezek eta Eduardo Maura diputatuak; EH Bilduren aldetik, aldiz, Hasier Arraiz bozeramailea, Oskar Matute eta Oihane Zabaleta izan dira.
Bat egiten dute, arlo sozialean
Topaketa amaituta (ordubeteko iraupena izan du, gutxi gorabehera), bi alderdiek nabarmendu dute bat egiten dutela arlo sozialari dagokionez. EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidente Hasier Arraizek esan du abiapuntu ona izan dela bilera, eta espero duela harremana "luzea eta emankorra" izatea; EH Bilduk, haren esanetan, ez du mugarik jartzen, balizko kolaborazio-dinamika sortuz gero, "eduki zehatzei dagokienez akordioak adosteko aukerarik balego".
Ildo horretan, Arraizek esan du espero duela Podemos Euskadi EH Bilduren "bidelaguna" izatea, "Euskal Herriko alde honetan ere abiatu nahi dugun eraldaketa sozialaren bidea egiteko".
Bestalde, berretsi du koalizioak ahalegina egingo duela "benetako aldaketa politiko eta sozialaren alde"; horretarako, Gobernu berri bat "baliabide eraginkorra" izan liteke, baina ez "helburu bat". Hala, nabarmendu du EH Bilduk ez duela asmorik "EAJren aurkako Gobernurik egiteko, ez eta edozein indar politikoren aurkakorik ere".
"EAJ kendu"
Podemos Euskadiko idazkari nagusi Nagua Albak, aldiz, azpimarratu du bi alderdiek uste dutela benetako aukera dagoela Euskadin "aldaketa egoteko"; halaber, biak dadude ados "agenda sozialari dagozkion hainbat arlotan", baina esan ere esan du desadostasunak ere dituztela. Podemos Euskadik, Albak azaldu duenez, erabakitzeko eskubidearen alde egiten du, baina baterako Estatu batean jarraitzeko.
Albak nabarmendu du aldaketa egoteko nahitaezkoa dela EAJ Eusko Jaurlaritzatik kentzea, baina, zehaztu duenez, aldaketaren aldeko Gobernu batean hainbat eragilek har lezakete parte: "Beste eragile batzuek erabaki beharko dute zer nahi duten, aldaketa ala kontinuismoa".
Bakea eta bizikidetzari dagokionez, Albak esan du ez dutela asko hitz egin horretaz, baina biek nahi dutela eraiki "marko egonkor bat". Albak uste du alderdi guztiek eman behar dituztela aurrerapausoak, eta deia egin die indar handi guztiei, xede izanik indarkeria hauteskunde-helburuarekin erabiltzeari uztea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa