Politika
Ustelkeria
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak legez kanpoko komisioak jasotzen zituen sare bateko buru izatea leporatzen dio. EAJk erantzun du "sendotasunez" erantzun zuela kasuaren aurrean, eta EH Bilduk "atzerapena" kritikatu du.
Albisteak (2)
Arabako Fiskaltzak 54 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Alfredo de Miguelentzat, EAJ alderdiko Arabako bigarren arduradun nagusia izandakoarentzat. Fiskalaren ustez, De Miguel legez kanpoko komisioak jasotzen zuen sare bateko burua zen, eta hogei bat delitu egin izana leporatzen dio; besteak beste, funtzionario-eroskeria, elkartze ez-zilegia, kapitalak zuritzea eta eragimen-trafikoa.
Arabako Fiskaltzako burua den Josu Izaguirrek gaur plazaratu du bere kalifikazio idazkia (128 orrikoa). Bertan, 26 pertsonaren aurka epaiketa irekitzea eskatzen du; pertsona horien artean daude Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJko kide ohiak ere.
Fiskalaren idatzia Roberto Ramos epaileak Euskadin izan den ustezko ustelkeria kasu handienaren izapideak egitea bukatu eta urtebete eta egun batera ezagutu da.
Epaileak orduan ondorioztatu zuenez, "zantzuen arabera egiaztatuta geratu zen" antolatutako sare bat zegoela De Miguelen inguruan, EAJk gobernatutako hainbat administrazioren eta erakunde publikoren kontratuak eta esleipenak irregularki lortzera bideratutakoa.
Fiskaltzak orain ideia hori nabarmendu du berriz. Gauzak horrela, bere aburuz, De Miguelek, 2005. urtea baino lehen, sozietatez osatutako sare bat antolatu zuen bere inguruan "berarentzat zein hirugarren pertsona batzuentzat legez kanpoko onura ekonomikoa lortzeko helburuarekin".
Arabako fiskalak dionaren arabera, xede hori erdiesteko "EAJko kide gisa zituen erantzukizun politikoak eta administratiboak baliatu zituen", eta "erantzukizun politikoak zituzten beste batzuen laguntza izan zuen".
Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzak "azkeneraino" defendatuko du interes publikoa De Miguel auzian, baina "aurreiritzik gabe".
Fiskalaren idazkia ezagutu eta gero, Jaurlaritzatik gogorarazi dute erakundea sumarioan agertu dela "lehen egunetik" eta Justiziako Administrazioarekiko kolaborazioa "erabatekoa" dela.
"Instrukzioa oso luzea izan da, eta azkar argitzea espero dugu, behin betiko eta erabat", gaineratu dute.
EAJk zuhurtzia eskatu du
Euzkadi Buru Batzar (EBB) EAJren Buruzagitzak "prozesuan zuhurtziaz jotzea eta epaiketa bidezkoa" izatea eskatu du, fiskalak "eskatutako fidantzak eta eskatutako ezohiko zigorrak" ikusita.
Ohar baten bidez azaldu duenez, sei urte igaro dira auzia ireki zenetik Gasteizko 4 zenbakiko instrukzio epaitegian, eta "ustez banako batek, ez kolektibo batek, egindako gauzetan oinarritutako auzia ez politizatzeko" eskatu du.
"Esan genuen bezala -gogorarazi du EBBk- 2015eko otsailean, ahozko epaiketa hasteko erabakia ezagutu genuenetik, EAJk gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak zehazteko, egotekotan, eskatu du".
Gainera, Euzkadi Buru Batzarrek adierazi egin du defentsaren eta beste akusazioen idazkiak ezagutzeko "zain" dagoela; "halako gai baten ikuspegi zabalagoa eta osatuagoa emango dutelako zalantzarik gabe".
Bestalde, Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuak ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJk "sendotasunez" jokatu zuen eta erantzun politiko eta instituzionala "berehalakoa" izan zen. Erantzun instituzionala "berehalakoa" izan zen gertatutakoaren berri izan ostean, eta "kargugabetu" egin zuten. Era berean, politika alorrean ere erantzun zutela azpimarratu du, Iñigo Urkullu lehendakariak "afiliatu agiriak" eskatu zizkielako, "EAJrekin zerikusirik ez" zutela egiaztatzeko.
EH Bildurentzat "ulertezina" da atzerapena
Bestalde, EH Bilduk uste du "ulertezina" dela 'De Miguel auzia' argitzeko prozesuan izaten ari den "atzerapena", eta "kontratu, esleipen, komisio eta legez kanpoko finantziazio sare antolatu bat" izan ote zen "lehenbailehen" argitzeko eskatu du.
"Oso larria izango litzateke Araba ustelkeriaren mapan sartzea Estatuko joeraren gisan, Valentziako eta Madrilgo ereduen pare jartzea", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa