Politika
Legebiltzarra
eitb.eus
Udalen finantzaketari buruz zituzten desadostasunak gainditu dituzte bi alderdiek, eta, beraz, Udal Legea izango du EAEk.
Informazio gehiago (1)
EAJk eta EH Bilduk akordioa erdietsi dute Udal Legearen inguruan. Bi alderdiok Legebiltzarrean duten gehiengoa baliatuta, aurrera aterako da proiektua, eta hainbat urtez halakorik eduki gabe egon ondoren, Udal Legea izango du EAEk (Estatuan araudirik gabeko autonomia erkidego bakarra zen).
10:00etan zen hastekoa Legebiltzarrean gai hau aztertzen duen lantaldea, eta bilera hasi baino minutu batzuk arinago itxi dute akordioa bi alderdiek. Legearen zati handiena adostuta zeukaten, baina udalen finantzazioari buruzko desadostasunak gainditzeke zituzten. Gaur lortu dute.
EH Bilduk Twitterren duen kontuan egin du itunaren iragarpena:
Udal Legea onartuko da @ehbildu -ren ekarpenekin. Beste lorpen bat, norabide onean, herria eraikitzeko bidean... pic.twitter.com/XqPsPytINp
— EHBildu Legebiltzar (@ehbildu_legebil) 8 de marzo de 2016
Udalen finantzaketari alorrean onartutakoaren arabera, Gizarte Larrialdietako laguntzei aurre egiteko finantzazio nahikoa izango dute udalek, eta Finantzen Euskal Kontseiluan ere ordezkaritza izango dute.
Udal Legearen lantaldeak gaur onartuko du proposamena, eta ondoren, batzordean eta osoko bilkuran eztabaidatu beharko da. Dena den, bi erakundeetan gehiengoa dute jeltzaleek eta abertzaleek, eta, beraz, aurrera aterako da Legea.
Joseba Zorrilla EAJren legebiltzarkideak azpimarratu duenez, ez dago pareko legerik Estatu espainiarrean; izan ere, izaera "integrala" izango du: udalen eskumenak arautuko ditu eta horien finantzazioa bermatu. Gaineratu duenez, akordioak Legebiltzarra osatzen duten 75 legebiltzarkidetatik 48ren babesa izango du, hain zuzen ere, EAEko 200 udalerri baino gehiagotan agintea duten bi alderdietakoak (EAJ eta EH Bildu). Dena den, sozialistak eta 'popularrak' ere akordiora batzeko itxaropena agertu du, zaila ikusten baitu UPyDrekin adostasun batera heltzea.
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak bere aldetik azpimarratu du akordioak herritarren parte-hartzea sustatuko duela. Hala, herri galdeketen gaia hizpide izan du eta esan du udalek galdeketa lotesleak egiteko eskumena izango dutela baldin eta udalek hala nahi badute.
EAJ: "Lehen mailako akordio politikoa da"
Koldo Mediavilla EAJko burukideak adierazi duenez, ituna "lehen mailako akordio politikoa" da.
Halaber, bi alderdiek Legebiltzarrean gehiengo "nabarmena" dutela eta EAEko udalen % 80 gobernatzen dituztela gogorarazi du.
Buruzagi jeltzalearen esanetan, legegintzaldiko lege proiektu "garrantzitsuena" da, eta "35 urteko blokeoaren ostean" etorriko da.
Mediavillak esan du EH Bildurekin hitzartutako testua "orekatuta" dagoela eta "indartu" egiten duela EAEko erakunde sarea.
EH Bildu: "Historiaren parte izango da"
Hasier Arraiz EH Bilduren bozeramaleak baieztatu duenez, akordioa "legealdi honetako garrantzitsuena da", eta koalizioak akordioak lortzeko "gaitasuna eta borondatea" azpimarratu du, "gizartearen interesei begira, hauteskundeei beharrean".
Donostian egindako prentsaurreko batean, Arraizek esan du ez dakiela eguna "historikoa" ote den esan litekeen, baina Eusko Jaurlaritzaren "historiaren parte izango da", "35 urte eta hainbat legealdi igaro behar izan dira lege hori onartzeko".
Gainera, pozik azaldu da "hiritarren beharrei erantzuteko beharrezko" Legea delako.
Horrel ildotik, ezker abertzalearen ordezkariak nabarmendu duenez, "beharrezkoa izan da EH Bildu bertan egotea akordioa egin ahal izateko", Arraizen esanetan, koalizioa "oztopoak gainditzeko gai izen delako, behar zen lege hori onartzeko".
Jaurlaritzak: "Zilegitasuna oso zabala"
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak adierazi du akordioa gainerako alderdien ekarpenei ere zabalik dagoelako, baina ez dira ezinbestekoak zilegitasun "oso zabala" baitu dagoeneko.
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldi batean, Erkorekak positibotzat jo du akordioa eta "gertakari historikoa" dela nabarmendu du.
Era berean, bi alderdien arteko akordioak legea onartzea bermatuko du, eta, horrela, "euskal erakundeen arkitekturaren eraikuntza bukatzea" posible izango da, "udalerriari lehen mailan utzita, eskubide guztiekin", erantsi du.
Erkorekaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bi urte daramatza "gogor" lanean erakunde arteko akordioa lortu nahian, eta ahaleginak fruituak eman ditu eta, gainera, Iñigo Urkulluren Gobernuak saihestu egin du testua Arbitraje Batzordera eramatea, erakunderen batek salatu eta gero.
Hiru saiakera
Udal legerik ez zuen autonomia erkidego bakarra zen EAE. Agintean egon diren gobernu ezberdinek hainbat saiakera egin dituzte akordioa lortzeko, eta hirugarrenean heldu da ituna.
Iñigo Urkulluren exekutiboak 2014ko azaroan aurkeztu zuen Udal Legearen proiektua. Erkorekak egitasmoa aurkeztean azaldu zuenez, udalen autogobernua sendotzea zuen helburu lege-proiektuak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa